Hiru hautagai aurkeztu dira arte udalekuetan begirale izateko bigarren deialdira

2022/05/24
Card image cap
Udalak zehaztutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen hasiko dira udal teknikariak

  5 eguneko epe laburra ireki zuen Udalak, pasa den astean, arte udalekuetako begirale taldea osatzeko, kontratatzea aurreikusten zen lagun batek lanari uko egingo ziola jakinarazi ondoren. Epea oso motza izanagatik hiru eskaera jaso dira eta hautagaiek baldintzak betetzen dituzten egiaztatu behar da orain. Udalak, oinarrizko hiru baldintza jarri zituen: Arte Ederretako graduaren lehenengo bi ikasturteak gutxienez gaindituta izatea, C1, EGA edo 3. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila izatea eta sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa izatea.

  Baina ikasketa osagarriak eta lan esperientzia bereziki baloratuko dira, hau da, Arte Ederretako graduaren 2. mailatik gorako ikasturteak gaindituta izatea, artearekin lotutako formazio osagarria, 4. hizkuntza eskakizunaren euskara agiria, arte udalekuetako begirale gisa aritu izana edo arte irakasle lanak bete izana. Meritu horiek ere agiri bidez egiaztatu behar ziren eskaerarekin batera.

  Arte udalekuak ekainaren 27tik uztailaren 22ra egingo dira, 10:00tatik 13:00tara. Hala ere, Udalak, uztailaren 29ra arte eta 9:30tatik 13:30ak arteko jarduna betetzeko lan kontratua egingo die begiraleei. Lehenengo deialditik lau begirale daude eta taldea beste pare bat lagunekin osatu asmo da. Ikusi egin behar, azken egun hauetan izena eman duten hiru hautagai horiek baldintzak bete eta zenbat puntu lortzen dituzten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!