Oñatiko udala

Herrian garapenerako sentsibilizazio ekintzak egin edota larrialdietan laguntza humanitarioa bideratzeko diru laguntza eskaerak egiteko epea zabaldu da

2016/07/08
Card image cap
Guztira, 35.000 euroko partida du Udalak

  Garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako diru laguntzen oinarrietan, hiru laguntza lerro biltzen ditu Udalak: garapen bidean dauden herrialdeetan lankidetza proiektuak garatzeko diru laguntzak, sentsibilizazio edota hezkuntzako jardueretarako diru laguntzak eta larrialdi edota laguntza humanitarioko egitasmoak finantzatzeko diru laguntzak. Azken bi hauetarako oinarriak onartu ziren pasa den osteguneko osoko bilkuran eta deialdia berriz, atzo argitaratu zen.

  Herrian garapenerako sentsibilizazio edota hezkuntza jarduerak egin ahal izateko, 5000 euroko diru partida dauka Udalak aurten. Herri mailan sentsibilizazioa eta garapenerako lankidetzaren aldeko heziketa bultzatu asmo du Udalak, garapen bidean diren herrialdeekiko eta hango herritarrekiko elkartasuna eta kontzientzia sustatuz. Zentzu horretan, diru laguntzak banatzerakoan, hiru jarduera mota bereziki baloratuko dira: herrialdeetako errealitate eta desberdintasunak sorrarazten eta iraunarazten dituzten kasuak hausnartzera bideratutako ekintzak, elkartasun eta lankidetza arloko formazio jarduerak eta gogoetarako eta esperientzien alderaketarako topaketa eta jardunaldiak.
Diru laguntza hauek eskatzeko epea zabalik dago abuztuaren 8ra arte.

  Larrialdiko edota laguntza humanitarioko egitasmoak finantzatzeko diru laguntzetara berriz, 30.000 euro bideratuko ditu aurten Udalak. Kasu honetan, ez usteko larrialdiak noiz nahi gertatu daitezkeenez, eskaerak egiteko epea zabalik izango da azaroren 30era arte. Larrialdirako laguntzez ari garelarik zera ulertu behar dugu, hondamendi batek eragindako pertsonen biziraupena bermatu edota hauen sufrimendua arintzeko premiazko eta berehala burutu beharreko egitasmoetara bideratutako laguntzak. Diru laguntza hauetan sartuko dira premiazko erreskate jarduerak, edateko ura, elikagaiak eta laguntza sanitarioa ematea, besteak beste. Ekintza humanitariotzat hartuko dira bestalde, gerra edo gatazka testuinguruan edota hondamendien ondoriozko egoerak arindu nahi dituzten egitasmoak, eta biktimen babesa eta beraien oinarrizko eskubideen defentsan gauzatzen diren egitasmoak. Hau da, errefuxiatuei eta desplazatuei luzaroko laguntza ematea, hur-hurreko krisialdiak arintzea eta hondamendi osteko hasierako birgaitze proiektuak.

  Bai sentsibilizazio ekintzetarako nahiz larrialdietarako diru laguntza eskaerak, hartarako  zehaztu dituen eskabide ereduak erabiliz bete behar dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!