Oñatiko udala

Haurren kantu eta dantzek irekiko dute inauteri egitaraua aurten

2020/02/11
Card image cap
Hiru ikastetxeetako LH 5. eta 6. mailako neska-mutilek Oñatiko inauteri txikia irudikatuko dute ostegun gizen arratsaldez

  Datorren astean hasiko dira inauteriak gurean. Ostegun gizen egunarekin ekingo zaie ospakizunei gainera, Oñatz dantza taldearen 50.urteurreneko egitarau bereziaren baitan. Arratsalde horretan 5. eta 6. mailako herriko ikasleek bat egingo dute kalejiran eta Oñatiko inauteriaren zikloari dagozkion Ume handia eta Hartzaren polka dantzak eskainiko dituzte. Ikasten hasita daude dagoeneko.

  Ostegun arratsaldeko irteera berezi hori da inauteri egitarauak aurten duen nobedade nagusia. Baina ez da bakarra izango, larunbatean kaleratuko den inauteri konpartsak ere berrikuntzak ekarriko dituelako, urtero moduan. Dantza, doinu, pertsonaia edo elementu jakin bat ote den hilaren 22an ikusiko dugu kalean. Amaierako ekitaldia plazan egingo da 20.00etan.

  Hurrengo egunean ere, domekan, dantza nagusi izango da eta urteetako ohitura berrituz, Oñatz taldekoek Luzaideko inauteri dantzak eskainiko dituzte arratsalde-ilunkaran, Aita Madina taldeko txistulariak eta Jose de Azpiazu musika eskolako akordeoi ikasleak lagun hartuta.

  Dantza eta dantza artean, ostiralean, barre egiteko aukera eskainiko digu Tartean Teatroa konpainiak SIMPLICISSIMUS kabaret ikuskizunarekin. Santa Ana aretoan arratsaldeko 19:30tan hsiko den kabaret saio berezi honetarako sarrerak salgai daude jada, 10 eurotan.

  Inauteri astearte egunez berriz, 17.00etan Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen eskutik Zoro gaitezen ikuskizuna izango da Zubikoan. Azken  urteetan egin bezala, pailazoen ikuskizunerako sarrera erosi beharko da. 2.50 eurotan aurrez hartuta edo 3 eurotan, egunean bertan. Sarrera, urtebete edo gehiago dutenek erosi beharko dute. Gazteagoek gonbidapena jaso beharko dute takillan, egunean bertan. Lekua mugatua da eta hori zorrotz bete beharko da. Pailazo ikuskizunaren ondoren Parrokiako Misio taldeak urteroko elkartasun txokolatada egingo du plazan eta txorimaloen ostean DJ festa izango da.

  Aurtengo inauterietako esku-programan, Pake Lekukko Ikusi Makusi taldeak eskainiko duen antzerki emanaldia ere sartu da: martxoaren 1ean Remendando males de amores ikuskizuna berriro taularatuko dute Santa Ana aretoan. Emanaldiak elkartasun helburua du eta sarreren salmentatik lortzen den dirua Parrokiako Misio Taldeak eskola bat eraikitzeko babesten duen proiektura bideratuko da.

  Inauterietako egitarauak 11.000 euroko aurrekontua du aurten. Esku-programa astelehenean banatzen hasiko dira.

  Aipatutakoa, udalak antolatu duen karnabal egitaraua da baina izango da besterik, Pake leku elkartean Ostegun gizen mozorrotuta eta dantzan ospatuko baitute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!