Haurren danborrada bertan behera uztea erabaki da
Erabakia, aurtengo haurren danborrada aurrera atera asmoz, astearte arratsaldean egin zen bilera irekian hartu zen. Batzarrera, haurren danborrada antolatzeko prest zeuden guraso bat eta Jose de Azpiazu musika eskola eta udaleko ordezkariak soilik agertu ziren. Horrelako ekitaldi bat aurrera eramateko nahikoa jende ez zegoela ikusita, haurren danborrada bertan behera uztea erabaki zuten eta halaxe adierazi da Udaleko Kultura Departamentutik goizean zabaldu den prentsa oharrean. Dena den, datozen egunetan, guraso talderen batek antolakuntza batzordean sartu nahiko balu, haurren danborrada jai egitarauan berreskuratzeko prest leudekeela zehazten da oharrean, beti ere, datak kontutan izanda, lehenengo bilerak irailaren hasieran egin beharko liratekeela jakitun izanik.
Iazko ekitaldiaren ondoren, haurren danborrada 30 urtez antolatu zuen batzordeak zeregina utziko zuela iragarri zuen. Egoera honen aurrean Udaleko Kultura Departamentutik batzorde berri bat osatzeko deialdi eta ahalegin bereziak egin dira. Lehen deialdi orkorrari guraso bakar batek erantzun zion. Deialdi berri bat egin zen, zuzenean, aurten danborradan ateratzea tokatzen zaien haurren gurasoei gutuna bidaliz. Gutun honek ez zuen aparteko erantzunik jaso eta hirugarren ahaleginean bilera baterako deialdia zabaldu zen L.H 3. maila amaitu duten ikasleen gurasoen artean. Bilera hori da hain zuzen ere, astearte arratsaldean egin zena.
Bilerara, Jose de Azpiazu musika eskolako ordezkariak joan ziren, eskolak, hasieratik azaldu baitzuen danborradako entsegu eta musika arloa koordinatzeko prestutasuna. Baina antolakuntza osatzeko, lan talde zabalagoa behar da. Udala bere aldetik, gertu dago beharrezkoa den azpiegitura, materiala eta diru laguntza jartzeko, eta koordinazioan laguntzeko. Era berean, danborrada eredua aldatzeko arazorik ez legokeela ere argi utzi zen. Orain arte era batera egin bada ere, ez duelako zertan eredu horrek bere horretan jarraitu behar.
Deialdi ezberdinak egin eta eredu berrietarako aukera zabaldu bada ere, antolakuntza taldea osatzeko nahikoa jenderik bildu ez denez, haurren danborrada bertan behera uztea erabaki da. Gauzak asko aldatzen ez badira beraz, aurten ez da haurren danborradarik izango.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!