Hasi dira jada 2015eko udal egutegia banatzen.

“Esku bakarrak ezin dau txalorik egin” da 2015eko egutegiaren lema eta mezu nagusia. Horrek, Joxan Izak propio osatu duen margolana borobiltzen du. Esaldia, “Oñatiko euskeria” liburutik atera da eta margolana ere, liburuaren azala irudikatzeko erabili zenaren estilo berekoa da. Izan ere, datorren urteko egutegia diseinatzerakoan, “Oñatiko euskeria” lan sakon eta mardulari keinu egin nahi izan baitio udaleko euskara zerbitzuak.
Egutegi berriaren 700 ale egin dira eta esan bezala, atzo bertan hasi ziren banatzen. Ohikoa denez egun hauetan udal zerbitzu, ikastetxe, denda eta bestelako lokal publikoetara banatuko dira eta soberan geratzen direnak Turismo bulegoan jarriko dira salgai.
2015eko udal egutegiak aurtengoaren diseinua gorde du eta irudi nagusi bati lotuta, urteko hilabeteak banaka jasoko dituzten 12 orri dauzka.
Hau da, hilabetea amaitzean orria kendu eta hurrengoa bistan uzten duen hormako egutegia da.
Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!