Goiaz! Lanbide Heziketaren azoka martxoaren 29 eta 30ean egingo da Arrasaten

2023/03/24
Card image cap
Debagoeneko Lanbide Heziketa eskaintza eta eskualdean egindako industria produktuen erakusleiho bihurtuko da

  Mankomunitateko Garapen Agentziak, eskualdeko 7 Lanbide Heziketako ikastetxeekin batera eta Foru Aldundiaren laguntzarekin, antolatu da Goiaz! Debagoieneko 15. Lanbide Heziketaren azoka. Arrasateko Kulturateko klaustroan urteetan izan duen kokapena berreskuratuta, asteazkenean eta ostegunean egingo da.

  Eskualdean dauden Lanbide Heziketako ikastetxeen eskaintza, ikasketa ibilbideak eta lan merkaturako balizko aukerak ezagutzeko aukera egongo da Goiaz azokan. Bereziki gazteei zuzentzen zaie azoka baina baita langile, guraso eta, orokorrean, herritarrei ere. Ikasleei zuzendutako ekintzetan bailarako 300 ikasletik gora espero dira eta gurasoentzat propio hitzaldia antolatu da, Lanbide Heziketa ikasi duten ikasleekin eta ikastetxeen parte-hartzearekin. Hitzaldi hori asteazkenean, martxoaren 29an, arratsaldeko 18:30etan izango da, Kulturateko areto nagusian.

  Bi berrikuntza nagusi aipatu behar dira aurtengo Goiaz azokaren inguruan: Erasmus Plus txokoa, batetik eta Debagoienean egina erakusketa, bestetik. Erasmus Plus txokoa Lanbide Heziketa ikasten dabiltzan eta Europako herrialde desberdinetan egonaldia egiten ari diren gazteei gordetako lekua da, bizitako esperientziak ezagutzeko aukera emango delarik. Debagoienean Egina erakusketan aldiz, eskualdean ekoizten diren industria produktuak ikusgai jarriko dira. Debagoieneko 8-10 enpresek ekoizten dituzten produktuak bilduko dira, besteak beste, industriak eskualdean duen garrantzia azpimarratu eta gazteentzat industria sektorea erakargarri egiteko helburuz. Azken finean, perfil tekniko eta kualifikatuen beharra agerian jarri eta horri erantzuteko Lanbide Heziketak duen eskaintza ezagutaraztea. Arrasaten osatzen hasiko den erakusketa hau beste produktu batzuez borobiltzen joateko asmoa dago eta udazkenera begira, herriz herri ikusgai jartzea.

  Debagoienean Lanbide Heziketako 7 ikastetxeetan 25 ziklo ezberdin ikasi daitezke. Egun 1.600 ikasletik gora dituzte. Aipatu ikastetxeak eta eskualdean prestakuntza eta enplegu zerbitzuak eskaintzen dituzten beste akademia eta erakundeak bertatik bertara ezagutu ahal izango dira Goiaz azokan, Arrasateko Kulturaten, asteazkenean, 8:30-14:30 eta 16:30-18:30 eta ostegunean,8:30 -14:30.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!