Oñatiko udala

Gizarte zerbitzuen arloko elkarteei zuzendutako dirulaguntzak eskatu daitezke

2021/05/21
Card image cap
Trauti elkarteak udalaren dirulaguntza jaso zuen iaz
22.516 euro banatuko dira

  Udalaren dirulaguntza jaso ahal izateko Oñatin nahiz eskualdean lan egiten duten irabazi asmorik gabeko talde direla egiaztatu behar dute elkarteek. Eta Gipuzkoa mailan lan egiten dutenek berriz, Oñatitik jasotzen dituzten zerbitzu eskaerei erantzuten dietela. Dirulaguntza hauek gizarte zerbitzuen eremuari zuzendutako ekintzak burutzeko izango dira. Parte-hartzea, gizarte-boluntariotza edota herritarren arteko elkartasuna sustatu; gizarteratze-prozesuetan dauden pertsonei edo gizarte zerbitzuen laguntza behar duten pertsona eta taldeei lagundu edota gizarte zerbitzuen arloko jarduera espezifikoak egiten dituzten elkarteei zuzendutako dirulaguntzak dira. Hala, hitzaldiak, zabalkundeko kanpainak, formazio ikastaroak, aisialdi programak eta antzerako ekintzak burutzeko babes ekonomikoa emango da baina baita ere egitasmoei zuzenean lotutako administrazio eta kudeaketa gastuei aurre egiteko.

  Gizarte zerbitzuen arloan diharduten elkarteei zuzendutako dirulaguntzen oinarri arautzaileak indarrean den legedira egokitu dira aurten eta, besteak beste, eskaerak baloratzeko puntuazioa zehaztu da. Atal honek EAJren kexa eragin zuen azken osoko bilkuran, behar bezala aztertu eta kontrastatzeko tarterik ez dela hartu argudiatuta. Ondorioz, oinarri arautzaileak bozkatzerakoan abstenitu egin zire, nahiz eta halako dirulaguntzen alde daudela azpimarratu zuten.

  Dirulaguntza hauen bidez herriko bost elkarteren eskaerak babestu ziren iaz, herrian lan egiten duten Gipuzkoa mailako beste batzuekin batera. Udalaren diru laguntza jaso zuten Oñatiko taldeak dira: Atzegi, Gipuzkoako adimen urritasuna duten pertsonen aldeko elkartea; Elkarzabal integrazio taldea; Emaloña, Oñatiko alargunen elkartea; Askatasun gabekoen parrokiako pastoraltza taldea eta Trauti elkartea.

  Gaur ireki da dirulaguntza hauek eskatzeko 30 eguneko epea eta ekainaren 21ean amaituko da. Guztira, 22.516 euroko diru-poltsa gorde du udalak gizarte esparruan diharduten elkarteen artean banatzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!