Gipuzkoako Foru Aldundiak kultura bonuak eskainiko ditu Gabonetara begira

Foru Aldundiak 220.000 euroko aurrekontua onartu zuen atzo kultura bonuen egitasmoa gauzatu ahal izateko.
Kultura Bonuekin kultura artikuluei aplikatzen zaien BEZa konpentsatu nahi dela adierazi zuen Kultura eta Kirol diputatu Denis Itxasok Diputatuen Kontseiluaren amaieran. Herritarrak kultura kontsumitzera animatu nahi dira, BEZaren igoeraren ondorioak pairatzen dituzten liburu edo disko denda eta antzokientzat pizgarri izanik.
Kultura produktuak edo ikuskizunetarako sarrerak erosteko bonuak berezituko dira. Liburu eta ikus-entzunezkoak erosteko7000 bonu kaleratuko dira. Herritarrek 20 eurotan eskuratuko dituzte baina 30 euroko ordainbalioa izango dute. Ikuskizun eta emanalditara joateko berriz, 10.000 bonu eskainiko dira. Hauek 25 eurotan ordainduko dira baina 40 euroko balioarekin erabiliko dira ikuskizunetarako sarrerak erosteko.
Bonuak erosteko kanpaina abenduaren 4an hasiko da. Bitartean, ekimenera atxikitu nahi duten komertzio eta enpresen zerrenda osatu behar da eta bono txartelak, fisikoki, egin behar dira.
Kultura bonoak ez dira berriak gurean. 2009tik 2012ra Eusko Jaurlaritzak halako eskaintza egin zuen kultura sektorea sustatzeko asmoz. 2013an berriz, Jaurlaritzak egitasmoa bertan behera utzi zuenean Bizkaiko Foru Aldundiak hartu zuen lekukoa baina eskaintza Bizkaira mugatuz. Orain, eta atzoko Diputatuen Kontseiluan hala erabakita, Gipuzkoan izango dugu kultura bonorik Gabonei begira.
Eusko Jaurlaritzak babestu zituen aurreko kanpainetan, kultura bonuak Oñatiko hainbat dendetan gastatu ahal izan ziren.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!