Gipuzkoako aldundiak % 20-25 txikituko du udalen finantzaketarako funtsa
Markel Olano diputatu nagusiak gidatu zituen alkateekin bilerak; berekin izan ziren Imanol Lasa, Jose Inazio Asensio, Maite Peña eta Jabier Larrañaga, Ekonomia Sustapena, Ingurumena, Gizarte Politika eta Ogasuneko diputatuak, hurrenez hurren. Bideokonferentzia bidezko bi bilera egin ziren, 10:30tan, Urola Garaia, Goierri eta Tolosaldeako alkateekin eta 12:30tan Debagoiena, Debabarrena, Urola Erdia, Urola Kosta, Buruntzaldea, Oarsoaldea eta Bidasoa eskualdeetakoekin. Covid 19ak gizartean eta ekonomian duen eragina dela-eta aktibatzen ari diren politikak elkarbanatzeko bilerak izan ziren.
Olanok finantza alorrean zuhurtziaz jokatzeko mezua eman zien udal ordezkariei. Izan ere, aurreikuspenen arabera datozen hilabeteetan diru-bilketaren jaitsiera etorri daiteke eta horrek erakunde maila guztietan baliabideak murriztea ekar lezake, Jaurlaritzatik hasi eta udalerrietaraino. Portzentajea ere komentatu zuen, hau da, %20-25 inguru gutxitu beharko dela Udalen Finantzatzeko Foru Funtsa.
Garrantzia handiko erabakia da foru funtsa murriztearena, udalen urteko aurrekontuen zati handi bat Diputaziotik datorren diru horretatik osatzen baita. Pentsa, Oñatiko udalak 8.251.574 euro jasotzea aurreikusten zuen, % 20-25a kentzeak 1.600.000-2.000.000 euro gutxiago jasotzea lekarke.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!