Gazteen emantzipaziorako udal dirulaguntzak eskatu daitezke jada

Emantzipazio dirulaguntzen oinarrien eguneratzea onartu zen otsaileko Osoko Bilkuran. Hala, bizikidetza unitateko diru-sarreren muga 28.000 euro urtean gehi aurrezkiaren oinarri ezargarria/likidagarrian, eskatzailekiko izatea onartu zen eta errenta banku-transferentzia bidez ordaintzea, ere bai. Bestela, iazko baldintzak bere horretan mantentzen dira.
18 eta 35 urte bitarteko gazteek eskatu ditzakete emantzipaziorako dirulaguntzak. Onuradunek, gutxienez, 12 hilabeteko alokairu kontratua izan behar dute. Hileko alokairu prezioaren erdia estaltzeko dirulaguntza emango da, muga 250 euro hilean izaki. Eskatzailea, edo bizikidetza unitateko kide bat gutxienez, Oñatin erroldatuta egon beharko du azken urtean, edo aurrez, gutxienez 10 urtetan. Alokairu etxebizitzei dagokienean, Oñatin egon behar dira eta bizigarritasun baimen izan behar dute.
Udalak 2015etik eskaintzen dituen dirulaguntza hauen helburua bikoitza da: beraien kabuz bizitzera doazen gazteen emantzipazioan laguntzea etxebizitzaren alokairu kostua arinduz, batetik, eta alokairu merkatua dinamizatu eta, ahal den neurrian, errenta prezioen merkatzean eragitea, bestetik. Hala, hilean 550 eurotik gorako errenta duten etxebizitzen alokairua dirulaguntza hauetatik kanpo uzten dira. Beste horrenbeste egiten da sustapen publikoko babes ofizialeko etxebizitzak badira, Bizigune programaren barruan, etxebizitza gisa erabilitako lokalak alokatzen badira.
Dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira. Lehenengo ordainketa ebazpena egin ondoren gauzatuko da eta ordura arte egiaztatutako alokairu gastuen araberako proportzioan egingo da. Bigarren ordainketa, egiaztatze agiri guztiak aurkeztutakoan gauzatuko da. Eskaerak udalaren web ataritik deskargatu daitekeen eskaera orria bete eta udal bulegoetan aurkeztu behar dira; horretarako epea urriaren 17an itxiko da. Udalak 65.335 euro gorde dira gazteen emantzipaziorako dirulaguntza hauetarako.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!