Oñatiko udala

Gazteen emantzipaziorako udal dirulaguntzak eskatu daitezke jada

2021/03/12
Card image cap
Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun dirulaguntzen oinarrietara egokitu eta aurkeztu beharreko dokumentuak parekatu dira

  Aurtengo deialdiak dakarren berritasunetako bat da aipatu Gaztelagun dirulaguntzekiko bateragarritasunean sakondu izana. Eskatzaileak ohi moduan egingo du eskaera udaleko HAZ zerbitzuan eta udal arduradunek zehaztuko dute kasu bakoitzean Udalari edo Jaurlaritzari egitea dagokion, eskatzaileen profilak ezberdinak baitira, soldata mugak esaterako aldatu egiten dira. Behin azterketa hori eginda, eta eskaera Jaurlaritzari badagokio udaletxetik Gasteiza bideratuko da, beti ere, eskatzaileari horren berri emanda.

  Etxebizitzarik jabetzan ez izatearen puntua ere gehiago zehaztu da aurtengo oinarrietan eta herentzian edo dohaintzan jasotako etxebizitzen kasua aurreikusi da. Eskatzailea beste etxebizitza baten titularkide den kasuan, duen jabetza portzentajeak ezingo du %50a gainditu edota 75.000 eurotik gorakoa izan.

  Udalak 2015etik eskaintzen dituen dirulaguntza hauen xedea bikoitza da: beraien kabuz bizitzera doazen gazteen emantzipazioan laguntzea da, etxebizitzaren alokairu kostua arinduz eta alokairu merkatua dinamizatu, eta ahal den neurrian, errenta prezioetan eragin, merkatuz. Hala, hilean 550 eurotik gorako errenta duten etxebizitzen alokairua dirulaguntza hauetatik kanpo uzten dira. Beste horrenbeste egiten da sustapen publikoko babes ofizialeko etxebizitzak badira, Bizigune programaren barruan, logelak edo etxebizitza gisa erabilitako lokalak alokatzen badira.

  18 eta 35 urte bitarteko gazteek eskatu ditzakete emantzipaziorako dirulaguntza hauek. Onuradunek, gutxienez, 12 hilabeteko alokairu kontratua izan behar dute. Hileko alokairu prezioaren erdia estaltzeko dirulaguntza emango da, muga 250 euro hilean izaki. Eskatzailea, edo bizikidetza unitateko kide bat gutxienez, Oñatin erroldatuta egon beharko du azken urtean, edo aurrez, gutxienez 10 urtetan. Gazteen emantzipaziorako dirulaguntzen araudiak eskatzaileen urteko diru sarrera gordinak mugatzen ditu: urteko diru sarrerak gehienera 28.000 euro izan daitezke. Alokairu etxebizitzei dagokienean, Oñatin egon behar dira eta bizigarritasun baimen izan behar dute.

  Dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira; lehenengo ordainketa ebazpena egin ondoren gauzatuko da eta ordura arte egiaztatutako alokairu gastuen araberako proportzioan egingo da. Bigarren ordainketa, egiaztatze agiri guztiak aurkeztutakoan gauzatuko da. Eskaerak egiteko epea gaur zabaldu da eta urriaren 15era arte luzatuko da. 65.000 euro gorde dira gazteen emantzipaziorako dirulaguntzetarako, iaz baino 15.000 euro gehiago.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!