Gaur zabaldu da udaleku irekietan, arte udalekuetan eta uda kirol kanpainan parte hartzeko izen-ematea

2022/03/21
Card image cap
Online egin behar da udalekuen kasuan, online edo kiroldegian, uda kanpainan parte hartzeko

  Haur eta gaztetxoei zuzendutako udako aisialdi eskaintzetan parte hartzeko izen-emateak gaur ireki dira. Hiru dira udalak eskaintzen dituen aukerak eta bakoitzak badu berezitasunik izena ematerakoan.

  Arte udalekuak LH3. mailatik DBH 3ra arteko gaztetxoek parte hartu dezakete baina izena lehenbailehen eman behar dute, epea, ostiralean, martxoaren 25ean, 19:00tan amaituko baita. Plazak mugatuak dira eta zozketa egin beharko balitz, emaitzak martxoaren 28an argitaratuko dira, lekurik ez dutenek beste aisialdi ekintzaren batean izena emateko aukera izan dezaten. Izan ere, udaleku irekietan eta uda kanpainan, izen-ematea apirilaren 1a arte izango baita.

  Arte udalekuetan eta udaleku irekietan parte hartzeko izen-ematea online egin behar da www.oñati.eus udal webgunean sartuta, uda kirol kanpainarako berriz, online, www.zubikoakiroldegia.oñati.eus atariaren bidez, edo kiroldegiko harreran egin liteke.

  Udalekuen kasuan izena eman aurretik ordainketa egin behar da eta ordainagiria eta inskribatzen den haur edo gaztetxoaren arduradun baten nortasun agiriaren kopia atxikiz bete behar da izen-ematea. Udaleku irekiak eta arte udalekuak ekainaren 27tik uztailaren 22ra luzatuko dira eta goizeko 10:00tatik 13:00tara izango dira. Udaleku irekien kasuan zaintza zerbitzua ere eskainiko da, 8:15tatik 10:00ak arte. Informazio gehiago edo laguntza behar izanez gero, ludotekara jo daiteke edo telefonoz deitu (688 786 659), 9:00-12:00 eta 17:00-19:00. Udalekuetan matrikula ezberdina da izena ematen duten seme-alaben kopuruaren arabera: lehenengo haurrak 72 euro, bigarrenak 62 euro , hirugarrenak 52 euro eta laugarrenetik aurrera, doan. Udaleku irekietan 2010etik 2018ra jaiotakoek eman dezakete izena.

  Udako kirol kanpaina HH4 eta DBH4 maila artekoei zuzenduta dago. Behin betiko inskripzioa egiteko plazen banaketarako izen-ematea da orain bete behar dena, beraz, ez da matrikula ordaindu beharrik. Txanda bakoitzean gehienez 3 jardueratan eman daiteke izena eta jarduera bakoitzerako gehienez hiru ordutegi hautatu daitezke. Plazak banatzeko, jarduera guztietan zozketa egingo da. Aurtengo kirol eskaintza oso zabala da: ur jolasak, tenis, zumba, yoga, crossfit, patinajea, golfa, xakea, mountain bike, baso eskola, eskalada… Ekintza batzuk txanda bakarrean beteko dira eta besteak bi txandatan: ekainaren 27tik uztailaren 8ra edota uztailaren 11tik 22ra. Informazioa kiroldegiko webgunean edo Zubikoan bertan, 943 716 375 telefonoan eskuratu daiteke.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!