Oñatiko udala

Gaur hasiko dira auzo-bideak konpontzeko lanak

2022/11/18
Card image cap
Arregi landetxerako bihurgunea konpontzen hasiko dira, ondorioz, Lamiategitik doan bidea moztu egingo da

  Aurtengo kanpainan zortzi auzo-bide konponduko dira, gehienetan, asfaltatze edo hormigoi berria botatzeko lanak egingo dira baina Arregin, San Martinen eta Pollangoa baserrien inguruan esku-hartzea handiagoa izango da. Eta Arregi landetxerako bihurgunea konpontzen ekingo diote gaur Excavaciones Arrasate enpresako langileek aurtengo kanpainari. Errepidearen eustormaren zati bat berreraikiko da eta beste euskarri batzuk sendotuko dira, zoruan ireki diren pitzadurak beteko dira, asfaltatze lanak egin aurretik. Konpontze lan hauek egin ahal izateko Lamiategitik Arregira doan bidea itxi egingo da, Errotatxoko bidegurutzetik aurrera. Bidea moztuta dagoela adierazten duen kartela jarriko da bidegurutze inguruan. Ondorioz, Arregi landetxera joateko hilerritik gora dagoen auzo-bidetik joan beharko da.

  Pollangoa baserri inguruan berriz, euri urak jaso eta saneamendua sarearen trazatua aldatuko da tarte batean eta oinezkoen bidea ere pitin bat aldatuko da. San Martin auzoan ere, errepidearen trazatua pitin bat aldatuko da, tarte batean, beharrezko zuzenketa lanak eginda.

  Aurtengo kanpainarako lehenetsi diren gainontzeko auzo-bideetan asfaltatze lanak egingo dira nagusiki. Barrenetxe eta Askontegi baserrietarako bideetan perfilak sendotu eta konponketa puntualak egingo dira, eta Errekalde-Torretxebarri eta Iruatz baserrietarako bideen antzera asfaltatu egingo dira, Torretxebarri-Guridi bide tartean berriz, hormigoia botako da. Lan hauek egiteko 15 asteko epea du Excavaciones Arrasate enpresak. Onartutako aurrekontua berriz, 275.466 euro da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!