Oñatiko udala

Gaur hasi da udaleku irekietan parte hartzeko izen-ematea

2021/04/19
Card image cap
Online bidez soilik eman daiteke izena, udaleko web atarian sartuta

  Horixe da udaleku irekietarako izen-emateak ekarri duen berrikuntzetako bat, bestea, plazak mugatu egin direla, lehenengoko aldiz.

  Udalekuetan izena emateko lehen urratsa ordainketa egitea da, orain arte bezala. Laboral kutxa eta Kutxabank-eko kontu korronte zenbakiak jarri dira gurasoen eskura, eta behin ordainketa eginda, ziurtagiria eta tutore baten nortasun agiriaren kopia atxikita bete behar da izen-emate orria udal atarian: www.oñati.eus atarian. Izena emateko azken eguna apirilaren 30a izango da eta ez da epez kanpoko izen-ematerik onartuko. Laguntza behar duten gurasoek ludotekara jo ahal izango dute, 9:00tatik 12:00tara eta 17:00tatik 19:00tara edo telefonoz deitu 688 786 659 zenbakira.

  Udaleku irekietan 4 eta 12 urte arteko haurrek parte hartu ahal izango dute, hau da, 2009tik 2017ra bitartean jaiotako neska-mutikoek. Matrikulari dagokionean iazko prezioak mantendu dira eta 71,53 euro da matrikula prezio orokorra, baina seme-alaba batek baino gehiagok parte hartzen badu, matrikula prezioa merkatuz doa, hala bigarrenaren matrikula 61,31 € da, hirugarrenarena 51,09 € eta laugarrenetik aurrera doan.

  Udaleku irekiak ekainaren 28tik uztailaren 23ra izango dira, eta iaz ordutegia mantenduz, 09:00tatik 13:00ra izango dira.
Udalekuetako plazak mugatu egin dira aurten, lehen aldiz. 400 plaza egongo dira eta izena ematen duten guztien artean zozketa egingo da maiatzaren 3ko astean. Plaza lortzen ez dutenei dirua itzuliko zaie, ez ordea, beste arrazoi bategatik baja ematen dutenei.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!