Gaur-bihar bitarte amaituko dira auzo bideak asfaltatzeko lanak.

2013/06/11
Murgia, Berezao, Olabarrieta, Zañartu, Arantzazu eta Araoz auzoetako hainbat baserri bide konpondu dira.

  Araotzen, Maiñarako bidea eta Zubia baserri inguruaren asfaltatzeaz osatuko dira orain hilabete hasi ziren auzo bideen asfaltatze lanak. Orain hilabete hasi ziren baina eguraldiak asko baldintzatu ditu, eta konpondu diren bide gehienak, azken aste-aste eta erdian asfaltatu dira.

  Murgian, Asentzioko plazatxoa eta Jauregi eta Bixain baserrien arteko bidea asfaltatu da. Berezaon, Santa Lutziako zuhazti inguruko bidea eta Zelabarren baserri ingurua. Ertzil baserrirako bidea ere asfaltatu da. Auntzolako aldapa, Zuazolako zubi ingurua eta Arantzazun, Bellotza baserrirako bidea ere asfaltatu da.

  Auzo bideen asfaltatze eta mantenu lanak iazko urte akaberan adostu ziren auzo-alkateen foroan. Orduan jada, premia handiena zuten bideak identifikatu eta zerrendatu ziren. 

  Lanak egiteko, eguraldi-baldintza batzuk behar izaten dira. Ahal dela, giro ateria eta gutxieneko tenperatura bat behar izaten da. Hala, udaberri erdialdean baldintza horiek beteko zirenaren ustean, lanak, esan bezala, maiatza hasieran egitea aurre ikusi zen. Baina eguraldiak berak hala eraginda, pentsatu baino gehiago luzatu eta atzeratu dira. Okerrik ezean, gaur-bihar bitarte Araotzen egitekoak diren asfaltatze lanekin amaituko dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!