Gaur amaitzen da trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga ordaintzeko borondatezko epea

Oñatiko ibilgailuen erroldan 8.016 ibilgailu daude. Gehienek dagokien udal zerga ordaindu dute baina beti izaten da azken egunera arte itxaroten duenik, horiei bereziki gogorarazi behar zaie gaur dela trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga ordaintzeko azken eguna. Bihartik aurrera jada, zergak %5aren errekargua izango du eta aste gutxi barru %20ko gehigarriaz zigortuko da, aurten indarrean sartu den Foru araua beteaz.
Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga tipoak jaso ditu Udalak aurten, eskualdeko bata bestekora parekatzen joateko. Koefizientea 2,27tik 2,4ra jaso da eta horrek, bataz beste, 7 eta 17 euro arteko garestitzea ekarri du, ibilgailuen zaldi fiskalen arabera. Udalak zerga kobrantza honetatik 930.715 euroko sarrera izango du aurten, iaz baino 33.220 euro gehiago.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!