Oñatiko udala

Garapenaren aldeko lankidetzarako dirulaguntzak ebatzi ditu Udalak

2021/06/09
Card image cap
Elkartasuna Txiapasekin taldeak udalaren dirulaguntza jasotzen jarraituko du
Jasotako 22 eskaera eta proiektuak onartu dira

  Garapenerako proiektuetara zuzendutako dirulaguntzen araudian aldaketa esanguratsua egin zen 2016an eta onuradunen egoitza nagusia, edota legezko delegazio iraunkorra, Oñatin egotea eskatzen da. Horrek, eskatzaile nahiz onuradunen kopurua gora behera handirik gabe mantentzea ekarri du azken urteetan. Garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako 22 egitasmo aurkeztu dira aurten eta guztiak diruz babestea erabaki da.

  Lehen herriko misiolari eta erlijioso batzuk bere izenean aurkezten zituzten proiektuak Mikel Goiaingeruaren Parrokiaren babes eta izenpean bideratzen dira orain. Hala, Maliko Saint Paul kolegioan eskolaratzeko beka programari eutsi edota eskolako jangela hornitzeko altzariak eskuratzeko proiektua presentatu du Parrokiak eta Dominikar Errepublikan hezkuntza eta osasun egitasmo ezberdinak aurrera eramateko proiektuak ere bai. Hermansoloña taldeak ere Argentinan eta Tindufen babesten dituen proiektuekin jarraitzeko dirulaguntzak eskatu ditu: Argentinako Jose C. Paz-en hainbat hobekuntza lan egin eta martxan den elkartasun sarea kudeatzea edota Tindufeko Mahbes dairara materiala bidali, desgaitasun larriak dituzten pertsonen familiei lagundu eta haurtzaindegiko haurrentzat amantalak josteko proiektua, besteak beste.

  Bubulum taldeak Nikaraguan urritasuna duten haur eta gazteei arreta eskaintzeko duen proiektuarekin jarraitzen du, Zazpi Udaberri elkartea berriz, Guatemalan emakumeen enpoderamendurako eta hezkuntza sistema indartzeko proiektuari eusten dio eta Elkartasuna Txiapasekin taldeak Mexiko hegoaldean lurraldeen defentsarako eskubidearen inguruan ahalduntze programak babesten jarraitzen du eta udalaren diru laguntza jasotzen.

  Boliviako Sucreko ospitalean Covid-19ak kutsatutakoen arreta eta errehabilitazioa hobetzeko proiektua aurkeztu du Arantzazuko Adiskideak taldeak. Hotz Oñati taldeak Yemenen hezitzeko gosariak egitasmoa aurkeztu du, Arpeko elkarteak Bolivian, indarkeria matxistari aurre egiteko emakume eta neskatilen bizi kalitatea hobetzeko egitasmoa; Mundu solidarioa helburuk bi proiektu babesten ditu Nikaraguan: aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioa eta bizi kalitatea hobetzeko egitasmoa eta bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko ikasleentzat formazio bekak. Guztiek udalaren dirulaguntza jasoko dute.

  Onartu diren egitasmoen balorazioa egiterakoan hainbat puntu banatu zaizkie eta dirulaguntzak lortutako puntuen arabera banatuko dira, beti ere, egitasmo bakoitzerako eskatu den diru laguntza kopurua ezberdina dela kontutan hartuta. Guztira, 109.818 euro banatuko dira. Orain, diru laguntzaren % 75a ordainduko da.

  Garapenaren aldeko udal laguntzen beste lerro bat emergentzia edo larrialdiko egitasmoak garatzeko diru laguntzak dira. Arlo honetan Mikel Goiaingeruaren Parrokiaren eta Hotz Oñati taldearen eskaerak onartzea erabaki da. Haitin berriki izan diren hondamendietan kaltetutakoei laguntzeko eta Aita Mari proiektua babesteko launa mila euro bideratuko dira. Kasu honetan ere, lehen ordainketan, onartutako laguntzaren % 75a ordainduko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!