Gabonetako argiteria abenduaren 12tik urtarrilaren 6ra piztuko da

2022/11/04
Card image cap
Ordutegia mugatu egingo da eta ez da gau osoan piztuta mantenduko

  Kontsumo aldetik dagoen aldea baino hausnarketarako eta kontzientziaziorako neurri gisa erabaki dute udal arduradunek Gabonetako argiteriaren pizte ordutegia mugatzea. Muga hori gaueko zein ordutan jarriko den zehazteke dago oraindik eta inguruko herrietan zer egingo den galdezka ari dira teknikariak. Baina argiteria jarri-jarriko da eta nork jarriko duen ere esleitu berri da. Hernaniko Maykolux enpresa arduratuko da aurten herriko kale nagusiak eta beste zenbait txoko Gabonetako argiz apaintzeaz.

  Ohiko kale eta txokoak apainduko dira Gabonetan: kale Zaharrean, kale Barrian eta Atzeko kalean 9na elementu jarriko dira, Bidaurretako zuhaitza eta Kalegoienako eta Unibertsitate etorbideko biribilguneak apainduko dira eta plazan, arkuetan eta magnolietan argiak jarriko dira eta udaletxeko fatxadan mezu argiztatua ere bai.

  Pasaiako enpresa bat arduratu da azken urteetan herria Gabonetako argiz apaintzeaz eta elementuak errepikatu egin dira, orokorrean. Aurten, Maykolux enpresak apaingarri berriak ekarriko ditu. Apaintze proposamena eta aurrekontua hiru enpresei eskatu zitzaien baina Hernanikoak bakarrik erantzun zuen. Eskaintzak udalak zehaztutako baldintzak betetzen zituela ikusita onartu zen lana Maykolux-i eslaitzea. Muntatze, desmuntatze eta mantenu lanak nahiz elementu apaingarrien alokairuak 17.424 euroko aurrekontua du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!