Eskulan ikastaroetan 178 lagunek eman dute izena baina 26 itxaron zerrendan geratu dira

Helduei zuzendutako pintura ikastaroan izan ezik, gainontzeko ikastaro eta tailerretan itxaron zerrendak egin behar izan dira, eskaintzen ziren plazak baino lagun gehiagok eman dutelako izena. Haurrei zuzendutako pintura ikastaroak izan da izen-emate gehien batu dituena. Aukera handiena ere honek eskaintzen zuen, baina ez behar adina, dirudienez. Haur eta gaztetxoei zuzendutako pintura ikastaroetan, adin ezberdinetako 67 neska-mutikoren izenak jaso ziren, lekua, 52rentzat zegoen arren. 13 laguneko lau talde eratu dira baina hiruetan itxaron zerrendak osatu behar izan dira.
Sendabelarrak, hari lanak eta eskulan dekoratiboa ikastaroetan ere egokitze txiki batzuk egin dira eta izena eman duten lagunei kurtsoa beste egun edo ordutegian egiteko aukera eman zaie. Hala ere, hiruzpalau laguneko itxaron zerrendak osatu dira. Onartu eta itxaron beharko dutenen zerrendak Kultur etxeko harreran eta udaleko web atarian ikusgai daude atzo arratsaldeaz geroztik. Eta atzo arratsaldetik, behin betiko izen-ematea zabalik dago, hau da, matrikula ordaintzeko epea.
Plaza lortu dutenek, ostiralera arteko epea dute matrikula ordaintzeko. Izena posta elektronikoz eman zutenei bide beretik jakinarazi zaie ordainketa nola egin Gainontzekoek, Kultur etxetik pasa beharko dute matrikula zein kontu korrontetan ordaindu behar duten jakiteko. Ordainketa eginda, egiaztagiria, Kultur etxera eraman beharko dute. Kultura departamentuak antolatutako eskulan ikastaroen prezioa adinaren eta ikastaroaren arabera bereizten da. Haur eta gaztetxoek, 56,84 euro ordaindu behar dituzte eta nagusien ikastarokoek, 77,65 euro. Laburragoa izango den Sendabelarren ikastaroari dagokion matrikula berriz, merkeagoa da: 25.88 euro. Matrikula ordaintzen ez duenak ezin izango du ikastaroa hasi.
Eskulan ikastaroak azaroaren 5eko astean hasiko dira, bakoitzari dagokion egun eta ordutegian.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!