Desfibriladore automatikoa jarriko da Eltzia kirol gunean

2020/06/24
Card image cap
Materiala Zubikoa kiroldegian dute eta laster instalatuko dute Eltzian

  Martxo erdialdean erabaki zuen Udalak Eltziako kirol gunerako desfibriladorea erostea. Baina alarma egoerak eta konfinamentuak planak atzerarazi zituen. Materiala Oñatin dago jada, Zubikoa kiroldegian eta laster Eltzian instalatuko dute.

  Eltzia kirol gunea hornitu eta osatzeko asmoz erabaki zen desfibriladore automatikoa jartzea, halako instalazioetan ezbehar kardiobaskularrak gertatzeko aukerak gehitu egiten direla jakitun. Desfibriladore automatikoa erosi da, garraiatzeko poltsa duena. Dena den, leku finko batean eta guztion eskura jarriko da, beira kutxa baten barruan. Kartela ere izango du, erraz identifikatu dadin. 2.000 euro inguruko kostua izan du desfibriladoreak.

  Eltziako kirol gunea astelehenean zabaldu zen berriro, osasun alarmak eraginda martxo erdialdean itxi baitzen. Gogoratu aforo murriztua duela eta ezinbestekoa dela aurrez txanda hartzea Zubikoa kiroldegiko harreran. Egunetik egunera egin ahal izango da erreserba, eta erabilera egin ondoren egun bat pasa beharko da hurrengo erreserba egin ahal izateko. Bi orduko jarduera txandak antolatzen dira. Aldagela zerbitzua badago baina etxetik kirol arropak jantzita eramatea gomendatzen da. Nork bere toalla eta ura eraman behar ditu, eta lurreko ariketak egiteko nork bere esterila eramatea ere gomendatzen da.

  Astelehenean ireki zen Eltziako kirol gunea, esan bezala, eta itzulera lasai eta jendeari ezezkorik eman beharrik gabe egiten ari dela adierazi digute Zubikoa kiroldegian. Izan ere, eguraldi ona eta bereziki ateria dauzkagun egun hauetan, zaleak nahiago izaten baitu kanpoan egon eta kirola egitea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!