Oñatiko udala

Debagoieneko Mankomunitateak 2022ko aurrekontuak luzatuko ditu, aurtengo proposamena atzera botata

2023/02/23
Card image cap
Iaz egindako diru ekarpenak berritu beharko dituzte udalek

  12.886.000 euroko proposamena aurkeztu zen 2023ko proiektuei aurre egin ahal izateko, hau da, iazkoa baino 392.000 euro gutxiagoko aurrekontua. 9 boto behar ziren onartzeko, gobernu taldea osatzen dutenen erdia gehi bat, baina zortzi lortu zituenez, 2023ko aurrekontua onartu gabe geratu da. Ondorioz, 2022koa luzatuko da eta udalek, iaz egin zuten diru ekarpena berritu beharko dute. Izan ere, Debagoieneko mankomunitateak eskaintzen dituen zerbitzuak ordaintzeko berau osatzen duten udalen diru ekarpena funtsezkoa da. Iaz bezala, aurten ere, aurrekontuaren %65a udalen ekarpenez osatuko da. Iaz kuota arruntek maximoa jo zuten, aurten bere horretan mantenduko dira.

  Udalen ekarpena zehazterakoan zerbitzuen araberako irizpide ezberdinak erabiltzen dira. Irizpide orokorra biztanleen araberakoa da eta zerbitzu orokorretan, garapen agentzian, kirolean eta turismoan aplikatzen da. Beste zenbait ataletan aldiz, erabiltzaile kopuruaren arabera zehazten da udal bakoitzaren ekarpena. Herriko jarduera ekonomikoari ere begiratzen zaio hainbat zerbitzuren erabilera neurtzeko, herrian dauden industria eta merkatal lokalak kontutan hartzen baitira eta hauek dituzten langileen arabera mailakatzen dira. Baina aurten ez da daturik berrituko eta iazko maila berean egin beharko dute udalek bere ekarpena.

  Oñatiko Udalak 1.463.295 euroko ekarpena egin beharko dio berriro Mankomunitateari. Ekarpen hau % 23 jaso zen iaz, 2021arekiko. Eta gainontzeko udalen ekarpena ere jaso zen, aipagarriena Elgetako kasua izaki, ia %43 jaso zelako iaz. Aurten ere, maila bereko ekarpena egin beharko diote guztiek Mankomunitateari.

  Debagoieneko mankomunitateko aurrekontuaren eztabaidan proposatutako proiektuak baino pertsonal kontuak nagusitu ziren, eta horretan oinarritu zuen EAJk emandako kontrako botoaren azalpena. Buruzagitza postu bat nahieran kontratatu eta Mankomunitatearen etorkizuna hipotekatzea leporatu zion Debagoieneko EAJk EH Bilduri eta horregatik bozkatu zuten jeltzaleek 2023ko aurrekontu proposamenaren kontra, iazko aurrekontuen luzapena behartuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!