Oñatiko udala

Debagoiena 2030 egitasmoaren baitan bi lankidetza hitzarmen sinatu ditu Udalak

2023/04/20
Card image cap
IkastetxeKlik egitasmoaren aurkezpena, 2022ko azaroan
Energiaren aprobetxamendua hobetzeko helburua dute bi hitzarmenek

  Udalbatzaren erabateko adostasunez onartu zen azken Osoko Bilkuran aipatu bi lankidetza hitzarmenak sinatu eta dagozkien proiektuak gauzatzeko dirulaguntzak ematea.

  Eskualdean energia trantsizioa bultzatzeko prozesua sustatzeko ekimena da IkastetxeKlik proiektua. Debagoieneko ikastetxeetan energiaren aurrezkia eta eraginkortasuna sustatzea da helburua, hezkuntza komunitateen lankidetzaren bidez eta parte hartze aktiboan oinarrituta. Herrian bi ikastetxe batu dira egitasmora: Elkar Hezi ikastetxea eta Oñatiko institutua.
IkastetxeKlik proiektuari babesa emango dio Oñatiko Udalak, honen garapenerako lankidetza hitzarmena sinatuz eta 3.500 euroko dirulaguntza emanez. Hitzarmena urtebeterako izango da, hasieran, baina lau urtera arte luzatu daiteke, eta hala bada, urtero diru ekarpena egingo du Udalak, horretarako konpromisoa ere hartzen baita hitzarmen dokumentuan.

  Debagoiena aukera energetikoak 2030 proiektua gauzatzeko lankidetza hitzarmena da azken Osoko Bilkuran onartutako bigarrena. Debagoienaren etorkizuneko energia egoeraren prospektiba teknikoa egitea da proiektuaren helburu nagusia. Gizabidea fundazioarekin izenpetuko da hitzarmena eta urtebeterako izango da, lau urtera arte luzatu ahal izango delarik. 2.400 euroko dirulaguntza emango du Udalak proiektua finantzatzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!