Baserri ingurunean sortutako plastikoaren lehen lau bilketen egutegia zehaztu da
Baserri ingurunean sortutako plastikoaren behin behineko bilketa egutegia osatu eta jakinarazi du Debagoieneko Landa Garapena elkarteak, zerbitzuak aldaketak izango dituela aurreikusita. Lehenengo lau bilketen egunak finkatu ditu, hileko laugarren asteazkenean, eta plastikoak, bezperan, batze-puntuetara atera beharko dira, ohikoa denez. Urteko sasoiaren arabera programatzen da plastikoaren bilketa egutegia; ganadua itoian dagoen edo zelaira bazkatzera ateratzen denaren arabera, baserri inguruetan plastiko gehiago edo gutxiago batzen da. Urteko lehen erdirako 4 bilketa egun zehaztu dira, urtarrilean, otsailean, martxoan eta maiatzean.
Plastikoa ez ezik, sokak eta sareak ere batzen ditu Deba Garaia elkartearen zerbitzu honek, 2024tik, baina sokak eta sareak plastikoetatik berezituta atera behar dira, zaku batean ondo bilduta atera behar dira. Eta batzeko materiala, izan plastiko, izan sokak eta sareak, txukun utzi beharko dira, bestela, ez dira jasotzen, Deba Garaia elkarteko arduradunek jakinarazi dutenez.
Oñatin lau bilketa puntu daude: Zañartun, Zuazola inguruan; Murgixan, Asentzio ermitan; Olabarritan, autobus geltokian eta Larrañan, musika eskola gainaldean. Etxetik hurbilago duen beste leku batera atera nahi duenak aurrez jakinarazi beharko du Landa Garapena elkartera telefonoz deituta (943 762 547). Aurtengo lehen bilketa urtarrilaren 28an egingo da eta bezpera arratsaldean jada, plastikoak atera ahal izango dira, ahalik eta garbien eta behar bezala lotuta. Plastikoak ateratzeko zehaztuta dauden beste hiru egunak, otsailaren 24a, martxoaren 24a eta maiatzaren 26a dira. Uztailetik aurrera zein egun eta baldintzetan jasoko dira, zehazteko dago oraindik baina aldaketak izango direla aurreratu dute arduradunek, esan bezala.
Bilketa hauetan ez da belar boletako plastikoa bakarrik batzen. Baserrian pilatzen den negutegiko plastikoa eta bestelako plastiko hondakin guztiak jasotzen dira. Garrantzitsua da plastikoa ahalik eta garbien ateratzea. Horregatik, landa garapena elkartetik, baserritarrei ahalegina egitea eskatzen zaie eta negutegietan edo ortuetan erabili den plastikoa ahalik eta lur gutxienarekin jaso eta ateratzea eskatzen da. Plastikoa inguruetan barreiatu ez dadin bestalde, lotuta ateratzea ere eskatzen da. Debagoieneko Landa Garapena elkarteak 20taka urte daramatza baserri ingurunean sortutako plastikoak batzen.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!