XII. Oñatiko laburmetraien rallyan parte hartzeko izen-ematea ireki da

2021/10/18
Card image cap
10 laguneko 20 talde onartuko dira, gehienez

  Iaz seira mugatu behar izan zen taldekideen kopurura 10era handituta ireki da ORLn izena emateko epea, gaur. Hain zuzen ere, taldekideen kopurua adieraziz, taldearen eta arduradunaren izenak, eta arduradunaren telefonoa eta helbide elektronikoa jakinaraziz, mezua bidali behar da olr.antolakuntza@gmail.com-era. Partaideen gutxieneko adina 15 urte da eta adin txikikoek gurasoek sinatutako baimen orria aurkeztu beharko dute. Izen-ematea azaroaren 5ean edo 20 taldeko kupoa betetzen denean itxiko da.

  XII. laburmetraien rallya azaroaren 6an izango da, 8:00tatik 19:00etara. 11 ordu horietan taldeek, gehienez, 3 minutuko ikus-entzunezkoak osatu beharko dituzte, antolakuntzak emandako genero edo gaia landuz eta 10 tokietako bitan grabatutako irudiak azalduz. Lanek euskara hutsean sortutakoak izan beharko dute. Lehiaketari buruzko argibideak 8:00tan emango zaizkie partaideei, Santa Ana aretoan, eta lanak ere bertan entregatu beharko dira, 17:00 eta 19:00 bitartean. Beranduago aurkezten direnak ez dira sarietarako kontuan hartuko nahiz eta proiektatu-proiektatuko diren. Laburmetraien emanaldia eta sari banaketa ekitaldia Santa Ana aretoan egingo da baina streaming bidez ere emango da OLR youtube kanalaren bidez, 21:30tan.

  7 sari banatzea aurreikusten da laburmetraien rallyan. Epaimahaiak bost hautatuko ditu: lanik hoberenei emandako lehen, bigarren eta hirugarren sariak eta emakume eta gizon aktore onenen sariak. Beste bi sari berezi ere izango dira,  publikoarena eta antolatzaileena.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!