Auzoalkateen foroa gaur, arratsaldeko 7retan, bilduko da udaletxean.

2012/03/20
Auzobideen inbentario eta mantenu plana, suteen aurkako plana edota neguko lanen balorazioa dira lan zerrendan jaso diren gaietako batzuk.


   Pasa den azaroaren 3an egin zen auzoalkate eta udal ordezkarien arteko lehen bilera. Bertan, ahobatez erabaki zen halako foro edo topagune iraunkor bat sortzea, udala eta auzoen arteko komunikazioa arintzeko bitartekari moduan. Orduan jada, bilerak, bi hilean behin egitea adostu zen. Gaur arratsaldean egingo dena beraz, hirugarrena izango da.

  Hirugarrena bai baina aurkezpen bilera ere bai, azken aste hauetan, hainbat auzotako auzo alkateak aldatu egin baitira. Olabarrieta, Araotz, Urrexola eta Uribarriko auzo alkateak dira berritu direnak. Izendapen horiek azken tokiko gobernu batzarrean jakinarazi ziren.

  Printzipioz, gaurko bilerarako deialdia, aurreko auzo alkateen izenean bidali ziren, onetsi beharreko akta euren partaidetzaz egin zen aurreko bilerari baitagokio. Baina badakigu, zenbait kasutan kargua hartu berri eta utzi duten auzo alkate biak joango direla. Horretxegatik genion, gaurko bilera, aurkezpenak egiteko bilera ere izango dela.

  Batzarrean, aurrez jada adostutako hainbat gairen azken orduko azalduko da, hara nola, dagoeneko enpresa bati esleitu zaion auzo-bideen inbentarioa egitek olana edota honi lotutakoa uzo bide horien mantenu plana. Auzotar asko kezkatzen dituen suteen aurkako planaz ere berba egingo da. Auzo alkateei mangerak non jarri beharko liratekeen zehaztea eskatu zitzaien. Kokagune horiek identifikatuta, gaia, foru aldundiarekin landu beharko da.

  Ofizialki, goizaldeko 6ak eta laurdenetan amaitu den neguko lanen balorazioa ere egingo da gaurko bileran. Aurten elur gutxi egin du. Botatako apurra otsailean jaso zen baina orduan izan ziren beharrei nola erantzun zitzaien aztertu eta baloratuko da.

  Auzolanak eta baliabideak, edota Oñatiko udal ondarearen inguruko hausnarketa dira, lan zerrendan jasota dauden beste gai batzuk.  Udalak bere aldetik proposatuko dituen horiezaz gain, auzo alkateek beren aldetik beste gai batzuk eramatea espero da.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!