Auzo eta baserri bideen 2015eko konponketa plana zehaztuta, lanak hasi dira
Urtarrilaren 27an egin zen auzo alkateen foroan adostu zen auzoetako bideen konponketa plana. Hasierako asmoei ordea, otsaileko eurite gogorrek eragin zituzten lur jausi ugarien konponketak batu behar izan zitzaizkien. Guztiak, lehentasunaren arabera zerrendatu ziren eta aurrekontuak eskatuta, hartarako diru partidak ematen duen adina egitea erabaki da.
Auzo eta baserri bideen konponketa, asfaltatze eta hobetze lanetan, 82.000 euro inbertituko ditu aurten Udalak. Aipagarria da, kopuruaren % 39a, euriteek eragindako lur jausien konponketek eramango dutela. Hala, Errekalde eta Torretxebarri artean izan zen lurjausia edota Korta inguruan izan zena, konpondu dira jada. Urrexola Beitti eta Barrenetxe baserrien artekoa eta Duruaneko bidean geratutakoa ere konponduko dira. Era berean, eta aurretik zerrendatuta zeuden lanen artean, San Martin eta Umerez bitarteko bidea konpondu da eta Agerre eta Tokillo artekoa, Tokillotik San Jurgira doana edota, Mizkingoa eta Kamamoño baserrien arteko bidea konponduko dira, baita Zapiarbe eta Kortabarrirako bideak ere. Batzuetan, bidea zartatuta dago, beste batzuetan zuloak konpondu eta urak hartuko dira eta bidea hondoratuta dagoen lekuetan ere, konponketa lanak egingo dira.
Lanok, enpresa ezberdinei esleitu zaizkie, Orsa, Irazola eta Ugarte eraikuntza enpresen artean egingo dira.
Udaleko Auzoak eta Landa Garapena sailak, berez, 100.000 euroko ditu auzoetan inbertsioak egiteko. Baina bideak asfaltatu eta konpontzeko 82.000 euro bideratuko dira. Gainontzeko 18.000 euroak, auzoen seinaleztatzea proiektua osatzera bideratuko dira. Aurten, herriko beste lau auzoetan seinaleak jarriko dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!