Aurreko landaketetako lanak osatuko dira datozen bi igandetako Zuhaitz egunetan

2019/02/27
Card image cap
Larunbateko Zuhaitz ferixian hazi eta mentu tradizionalen garrantzia azpimarratuko da bi mintegi postutan

  Ingurumen jardunaldiei amaiera emango dieten hiru hitzorduak zehaztu dituzte jada Natur eskolako arduradunek. Martxoaren 3an herri gunean eta 10ean Aloña inguruan egingo dituzten Zuhaitz egunetan, aurreko urteetan egindako lanak osatuko dira eta martxoaren 2ko Zuhaitz ferixara 10 mintegi gonbidatu dituzte.

  Plaza lore eta zuhaitz landarez apainduko da zapatuan, baina izango da hazirik ere, Aleka taldea gonbidatu baitute antolatzaileek. Aleka, Euskal Herri mailako taldea da eta tokian tokiko hazi tradizionalak jaso eta banatzen ditu. Plazan, postua izango du larunbatean. Eta mintegien artean aipagarria da Doneztebetik etorriko den mintegi berri bat. Euskal Herriko sagarrondo tradizionalak berreskuratzeko ahalegina egiten ari dira eta landareak ekarri ez ezik, mentu tradizionalak nola egin erakutsiko dute. Zuhaitz ferixia 9:00ak inguruan hasiko da Foruen enparantzan, larunbatean.

  Domekan berriz, haur eta familiei zuzendutako Zuhaitz eguna izango herri gunean. Garai bateko trenbidea jarraituz, Ibarran hasi eta Torreauzora bitarteko hainbat guneetan landaketak egingo dira. Hiru gune zehaztu dituzte Natur eskolakoek eta horietako bitan, lehendik egindako lanak osatuko dira.  Kasablankatik Torreauzora bitarteko bidegorri zatia izango da gune horietako bat. Aurreko urteetan egindako landaketak osatuz loreak ematen dituzten tamaina erdiko arbolak landatuko dira: gereziondoak, sagarrondoak eta elorriak, besteak beste. Enpresagintza fakultate aurrealdeko aparkalekuetako berdeguneetan ere, antzerako arbolak sartu asmo dira. Eta hirugarren landaketa gunea, Ibarrako biltoki ingurua izango da. Hemen ez da halako landaketarik egin aurrez, eta lekua badagoenez, porte edo tamaina handia hartzen duten arbolak sartu asmo dira.  Domeka goizean egingo den Zuhaitz egunean parte hartu nahi dutenentzat hitzordua plazan egin da 10:00tan.

  Amaitzeko, eta eguraldiak hartarako aukera ematen badu, martxoaren 10ean beste zuhaitz landaketa masiboa egingo da baina Aloña inguruan, Aloñako lagunak taldekoekin elkarlanean. Pasa den urrian bota zuen elurteak kaltetutako arbolak txukundu eta ordezkatzean oinarrituko da egun horretako lana. Izan ere, elurte goiztiar hark arbolak hosto askorekin harrapatu zituen eta ondorioz adar asko eta zenbait arbol ere apurtu eta kaltetu ziren. Beraz, apurtutako adarrak kimatzeko podadora luze bat eramango da eta apurtutako arbolak ordezkatu egingo dira. Gainera, apurtutako itxiturak ere konponduko dira. Bide batez, Aloñako gurutzearen mendeurrenaren baitan Aloñako babeslekuaren inguruan landatu eta ihartu diren arbolak ordezkatuko dira eta itxitura berria egingo da. Aloñako Zuhaitz egun hau helduei zuzenduta dago, nagusiki, eta parte hartzeko interesa dutenei aurrez izena ematea eskatzen zaie, Patrue kaleko Maiztegi tailerretik pasata.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!