Oñatiko udala

Ate ireki, bisita gidatu eta elkarrizketa pertsonalizatuak antolatu dituzte herriko ikastetxeek

2021/01/12
Card image cap
Astelehenean irekiko da 2021-2022 ikasturterako matrikula epea

  Covid 19aren eragina nabari da ikasturte berrirako matrikulazio kanpainan ere, herriko ikastetxeak hartara moldatu dituzte urtero egin ohi dituzten bisita gidatu eta ate ireki jardunak. Urtarrilaren 18tik 29ra izango da 2021-2022 ikasturterako matrikula epea HH 2 mailatik hasi eta DBH 4. mailara arte. Baina ekintza gehienak datorren ikasturtean eskolara lehen aldiz joango diren neska-mutikoen gurasoei zuzenduta daude, besteek, normalean, ikasketak hasitako zentroan edo hezkuntza ereduan jarraitzen baitute.

  Zuazola institutua izan ohi da ikasle eta guraso berrientzat ate ireki jarduna egiten duen bigarren hezkuntzako ikastetxe bakarra eta aurten ere egingo du, bihar, konkretuki. 17:00tan balizko ikasleei zuzendutako bisita gidatuak egingo dira, talde txikitan, eta 18:00tan, gurasoentzako bilera, institutuko aretoan.

  Urgain Errekalden berriz, larunbatean irekiko dira eskolako ateak herritar guztientzat baina bisita gidatu pertsonalizatuak ere egin ahal izango dira larunbatean bertan eta matrikula epeak irauten duen bitartean, hitzordua, aurrez eskatuta. Txantxiku ikastolan bisita gidatuak ostegun eta ostiralean bildu asmo dira, baina kasu honetan ere, hitzordua aurrez hartzea eskatzen dute. Elkarrizketa pertsonalak ere egingo dituzte, urtero bezala. Elkar Hezi ikastetxean bestalde, ez da ate ireki orokorrik antolatu eta interesa duten gurasoei partikularki erakutsi eta azalduko dizkiete eskolako instalazioak, zerbitzuak eta hezkuntza ereduaren berezitasunak. Elkar Heziko arduradunek ate ireki pertsonalizatuen aldeko hautua egin dute, esan bezala.

  Herriko ikastetxeentzat garrantzitsua da ikasturte berrirako matrikula epea, are gehiago, balizko ikasleen kintak geroz eta motzagoak direnean. 2019an jaiotako 93 neska-mutiko daude Oñatin erroldatuta. Gehienak datorren ikasturtean hasiko dira eskolan baina izaten da, 3 urte bete arte, seme-alaba eskolara ez eramateko erabakia hartzen duten gurasoak.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!