Astebetez luzatu da Arte udalekuetan begirale izateko izen-ematea

2019/04/02
Card image cap
Gaztetxoen eskaera guztiak onartzeko begiraleak behar dira

  Iazko bide beretik jarraitu du Arte udalekuen eskaintzak; parte hartzeko eskaerak hasieran iragarri ziren plazen kopurua laukoiztu du eta 67 neska-mutilek eman dute izena Arte udalekuetan. Arte plastikoak lantzeko udako eskaintza berezi honetan ahalik eta lagun gehienek parte hartu dezaten, leku bila ibili da Haur eta Gazteria teknikaria eta Eltzian emango dira. Lekua topatu da baina ekintza dinamizatu eta marrazketa, eskultura eta beste arte diziplina batzuk erakutsiko dituzten begiraleak behar dira. Martxoan egin zen lehen deialdira 4 hautagai aurkeztu ziren. Baina gehiago beharko dira, beste bi gutxienez. Horregatik erabaki da begirale izateko izen-ematea astebetez luzatzea.

  Ostiralaz geroztik zabalik dago Arte udalekuetan begirale izateko izen-emate epe berria. Bete beharreko baldintzak aurreko deialdiko berberak dira: Arte Ederretako graduaren lehenengo bi ikasturteak gutxienez gaindituta izatea, EGA edo 3. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila izatea eta sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa izatea eskatzen da. Horrez gain, eta meritu gisa, Arte Ederretako graduaren 2. mailatik gorako ikasturteak gaindituta izatea, artearekin lotutako bestelako formazioa izatea, 4. hizkuntza eskakizunaren maila izatea, arte udalekuetako begirale gisa aritu izana edota artearen inguruan irakasle lanak egin izana bereziki baloratuko dira. Udal bulegoetan aurkeztuko den eskaera orriari aipatutako baldintzak betetzen direnaren egiaztagiriak eta merituei dagozkionak erantsi beharko zaizkio.

  Arte udalekutan begirale izateko bigarren izen-emate epea, ostiralean, apirilaren 5ean amaitzen da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!