Arte begiraleak aldi baterako kontratatzeko deialdia egin du udalak.

2014/05/27
Card image cap
Uztailean egingo diren arte udalekuetan marrazketa, margotze eta eskultura landuko dira 11-15 urte bitarteko gaztetxoekin.

  Adin tarte horretako neska mutilei zuzentzen zaizkie Gaztelekuan egin ohi diren arte udalekuak. Aisialdi edo kirol eskaintzaz gain, sormena eta eskulanak lantzen dituen beste aukera bat ematea da arte udalekuen helburua. Eta udaleku irekiak eta uda kirol kanpainaren kasuan bezala, arte udalekuetan begirale izango direnak kontratatzeko hautatze prozesua abiatu du udalak.

  Arte udalekuetako plazak mugatuak dira eta printzipioz, 12 laguneko taldea osatzea aurre ikusten da. Ondorioz, bi begirale kontratatzeko deialdia kaleratu da.

  Parte hartu ahal izateko, begirale lanetan aritzeko, 18 urte beteta izatea, arte ederretako graduaren lehenengo bi ikasturteak edo baliokideak diren beste ikasketa batzuk gaindituta izatea eta euskarari dagokionean EGA edo 3. Hizkuntza Eskakizunaren mailako titulazioa izatea eskatzen da.

  Baldintza horiek beteta, eskaera orria bete eta ekainaren 6a baino lehen entregatu behar da. Datorren ostiralean amaituko baita eskaerak egiteko epea. Eskaerekin batera, Nortasun Agiriaren fotokopia eta aipatutako titulazio akademikoa eta euskara ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

  Horrezaz gain, formazio akademiko osagarria eta esperientzia merituak baloratuko dira. Hala, gutxienez behar den Arte ederretako graduaren 2. ikasturtetik gora kurtso gehiago gaindituta izatea, marrazketa, margotze edota eskulturarekin harremana duten prestakuntza ikastaroak egin izana edo euskararen inguruan, 4. hizkuntz eskakizuna edo baliokidea den maila izatea bereziki baloratuko dira. Arte udalekuetan begirale gisa esperientzia izatea, artearen inguruan irakasle lanetan jardun izana eta oñatiarra izatea ere kontutan hartuko dira. Meritu horiek baloratzeko, eskaera orriarekin batera dagozkion agiriak aurkeztu beharko dira.

  Udalak bere aldetik, aukeratzen diren bi lagunei, aldi baterako lan kontratua egingo die. Kontratuaren iraupena, ekainaren 30etik uztailaren 24ra artekoa izango da eta lanaldia berriz, goizeko 9.30tatik 13.30tara. Halaber, hautatzen diren lagunek, ekainaren 30ean eta uztailaren 24an egingo diren prestakuntza saioetan derrigorrean parte hartu beharko dute.

  Arte udalekuetan begirale izateko interesa duenak, kontratazio oinarriak udaleko web orrian ikusi edo udaletxeko bulegoetan eskatu ditzake. Eskaera orriak ere, bertan eskuratu eta bete ondoren, adierazitako guztiaren egiaztagiriekin batera, udaletxean aurkeztu behar dira. Gogoratu, horretarako azken eguna, ekainaren 6a izango dela. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!