Aitor Tatiegik Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren finalean parte hartuko du

2018/03/19
Card image cap
Lasturren apirilaren 20an jokatuko da, bertso afari giroan

  Erabakita geratu da Gipuzkoako Eskolarteko finala. Ostiralean jokatu zen azken kanporaketa Anoetan eta horren amaieran, finalean arituko diren zortzi bertsolarien izenak jakinarazi ziren. Oñatin, Larrain gain elkartean otsailaren 23an jokatu zen kanporaketan lortutako puntuei esker Aitor Tatiegik finalean aritzeko txartela eskuratu du. Eskolartekoan aurten hiru oñatiar aritu dira eta Aitorrek bakarrik lortu du finalerako sailkapena.

  Lasturreko finalean kantatuko duen zortzi bertsolariak hauek dira: Haizea Arana, Uxue Alkorta, Aner Peritz, Maddi Aiestaran, Oihana Arana, Aitor Tatiegi eta Oihana Labiano. Finala apirilaren 20an izango da bertso afari giroan. Hori da aurtengoak duen berritasuna, izan ere, azken urteetan Gipuzkoako Bertso Eskolen egunaren baitan antolatu baita eskolarteko txapelketaren finalekoa. Azken urteetan ia urtero izan da oñatiarrik Gipuzkoako finalean.  2014an gainera, Maider Arregi izan zen Gipuzkoa eta Euskal Herriko eskolarteko txapelduna. Aurten Aitor Tatiegi izango da Txinparta bertso eskolaren ordezkaria.

  Bertso kontuekin jarraituz, esan bestalde, Urko Arregik irabazi duela Bilbon egin den Bertso Erronda txapelketa. Bilboko Erronda kaleko taberna eta bertsozaleek antolatzen duten  txapelketan 25 bertsolari gaztek parte hartu dute aurten. Finala ostegunean jokatu zen Zazpi Katu gaztetxean eta txapela, Urko Arregi oñatiarrak jantzi zuen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!