Aisialdiko begirale ikastaroa antolatu du Udalak
Haur eta gazteen aisialdirako begirale ikastaroak, teoria eta praktika uztartzen ditu. Urrian hasi eta ekainera arte luzatuko da eta larunbatetan emango da, 9:00tatik 15:00tara, Eltzian. Horri, azaro amaieran, aterpetxe batean eta asteburu osoan luzatuko den jardun berezia batu behar zaio. Gabonetako oporrak aprobetxatuz, baita ere, abenduaren 28-29 eta 30ean ikastaroa izango da. Guztira, 150 ordu teoriko eta 160 praktiko osatuko dira. Alde praktiko hori betetzeko bi urteko epea izango dute partaideek, 2028ko irailera arte. Titulua eskuratzeko memoria ere osatu eta aurkeztu beharko da.
Udalak antolatutako formazio ikastaro honetan parte hartzeko bi baldintza bete behar dira: DBH titulua izatea eta 2027an zehar 18 urte beteta izatea. Ikastaroak 500 euroko matrikula kostua du baina udalak dirulaguntzak emango dizkie ikasle eta langabetuei. Hauek, matrikula kostuaren %75a berreskuratzeko aukera izango dute eta gainontzekoek % 50a, baldin eta Oñatin erroldatuta badaude eta ikastaroaren aprobetxamendu ona erakutsi edo titulua eskuratzen badute. Zabalik dago jada aisialdiko begirale ikastaro honetan izena emateko epea. Azken eguna, urriaren 9a izango da. Izena, udaleko web orrian sartuta eman behar da. Plazak mugatuak dira eta izen-emate hurrenkera jarraituko da 25 plazak bete arte.
Informazio gehiagorako, bide ezberdinak daude: Udalaren Hezkuntza departamentuko teknikariarekin, Iñaki Akizurekin berba eginda, 943 78 04 11 telefono zenbakira deituta, edo honi mezu elektronikoa bidalita iakizu@onati.eus helbidera. Dena den, informazioa jasotzeko bilera irekia ere antolatu da, irailaren 14an, 18:00etan, Kultur Etxeko bilera gelan.
Hezten Aisialdi Euskaltzalea taldeak emango du aisialdiko begirale ikastaro hau, udalarekin 15.276 euroko kontratua sinatuta. Udalak antolatuta sei aldiz egin dira aisialdiko begirale ikastaroak gurean, hau beraz, zazpigarrena izango da. Orain hurrengoa, 2024an egin zen.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!