Oñatiko udala

92 lagun kontratatuko ditu Udalak, udako aisialdi eskaintzari erantzuteko

2023/05/24
Card image cap
Gehienak, 72, begirale arituko dira udaleku irekietan

  Astean argitaratu dira Udalak antolatu dituen udako aisialdi ekintzetarako begiraleen kontratazio proposamenak. Aurrez zehaztu ziren merituen puntuazioaren araberako zerrendak jarraitu dira hautagaiak aukeratzeko, beti ere, ekintza bakoitzean izena eman duen haur eta nerabe kopuruaren arabera.

  Jarduera jendetsuena Uda kanpaina da, 800nen bat haur eta gaztetxok 1.267 ekintzetan parte hartuko dutelako. Baina goiz eta arratsaldez banatutako ekintzak dira eta 15 begirale arituko dira talde ezberdinetan. Ekainaren 22tik uztailaren 21era arteko kontratua egingo zaie, nahiz eta uda kanpaina ekainaren 26an abiatuko den. Lehen egunetan, zerbitzua antolatzeko bilerak egingo dituzte eta azken egunean, ebaluazioa. Bakoitzak emango dituen ikastaroen araberako ordu kopurua kontuan hartuta egingo zaie kontratua.

  Arte udalekuetan 41 lagunek eman dute izena eta guztiak onartu dira, zozketarik egin gabe. Ahalegin berezia egin da guztiei lekua egiteko, baita pertsonal arlotik begiratuta ere. 5 begirale kontratatuko dira, ekainaren 26tik uztailaren 26ra. Hilabeteko kontratu horretan, prestaketarako eta azken baloraziorako bilera eta lan-orduak ere sartzen dira. Jardun erdiko kontratua egingo zaie.

  Baina aldi berean partaide kopuru handiena bilduko duen udako ekintza udaleku irekiak dira. 572 haurrek eman dute izena eta hauen beharrak erantzuteko 72 begirale kontratatuko ditu Udalak, ekainaren 26tik uztailaren 26ra. Hauei ere jardun erdiko kontratua egingo zaie. Beste lagun bat ere arituko da udaleku irekietan begirale gisa, baina praktiketan, aisialdiko monitore titulua eskuratzeko helburuz. Guztiek ekainaren 3an eta 17an egingo diren prestakuntza saioetan parte hartu beharko dute.

  Uda kanpaina, arte udalekuak eta udaleku irekietarako kontratatu asmo diren begiraleen zerrendak udaleko web atarian argitaratu dira. Herriko gazte askorentzat lehen kontratua izaten da Udalak aisialdi ekintzak aurrera eraman ahal izateko egin eta udan diru apur bat irabazteko bidea ematen diena.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!