Oñatiko udala

86.000 euro pasatxo banatuko ditu udalak herriko ikastetxe eta guraso elkarteen artean

2021/06/02
Card image cap
Ikastetxeetako sarrera-irteera seguruak bermatzeko elementu berriak jarri dira
Ikasleko dirulaguntza kopurua jaso da, pandemiaren ondorioz ekintzak murriztu baina gastu osagarri berriak sortu direlako

  Eta egoera berezi hori kontuan hartu du udalak 2020-2021 ikasturterako dirulaguntzak banatzerakoan. Covidak guztiz baldintzatutako ikasturtea da eta ikastetxe eta guraso elkarteei udalak ematen dizkien dirulaguntzetan guztiz islatu da. Bi guraso elkartek ez dute dirulaguntzarik eskatu, lehen aldiz, pandemia egoerak beraien jarduna eten duelako, eta era berean, ikastetxeei gastu berriak sortu zaizkie, hain zuzen ere, pandemiari aurre egiteko neurri bereziak hartu behar izan dituztelako.

  Dirulaguntza hauek banatzeko orduan urtero kontutan hartzen diren ikasle kopurua, ekintza programa eta hizkuntza normalizazioari dagokion atalaz gain, ikastetxeetako sarrera-irteera seguruak bermatzeko ikastetxe batek kontratatu duen aseguru poliza %100ean diruz lagunduko da, eta bizikidetza proiektuak eta mugikortasun jasangarriko proiektuak iazko igoera mantenduz % 50ean diruz babestuko dira. Heziketa afektibo-sexualaren kasuan aldiz, aurten ez da diruz lagunduko, udaleko Berdintasun departamentuak osoki finantzatzen baitu ikastetxeekin elkarlanean bideratzen den izaera bereko beste egitasmo da.

  0 eta 18 urte bitarteko hezkuntza mailan diharduten herriko ikastetxeak dira udalaren dirulaguntza jasotzen dutenak. Eskaera bostek egin dute aurten: Txiki txoko haurreskolak, Oñati BH institutuak, Urgain-Errekalde herri eskolak, Elkar Hezik eta Txantxiku ikastolak. Guztien artean, 2020-2021 ikasturtean, 85.782 euro banatzea onartu berri du gobernu taldeak. Ikastetxeek aurkeztu eta onartu diren dirulaguntzen % 60a ordainduko da orain. Guraso elkarteei dagokienean Urgain-Errekalde eta Elkar Heziko guraso elkarteek bakarrik egin dute eskaera eta guztira 475 euro banatzea onartu da. Ikasleko dirulaguntza kopurua jaso da eta 14,50 euro izango da aurten, iaz baino 4,50 euro gehiago.

  Orain, onartu den diru-laguntzaren % 60a emango zaie ikastetxe eta guraso elkarteei, esan bezala, eta gainontzekoa, fakturen bidez egiaztatuko den likidazioa egiterakoan. 2020-2021 ikasturteari dagokion kontu kitatzea, irailaren 30a baino lehen egin beharko dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!