85 lagun kontratatuko ditu Udalak, udako aisialdi eskaintzari erantzuteko

2022/06/21
Card image cap
Gehienak begirale arituko dira udaleku irekietan

  Gaur hasi dira sinatzen lan kontratua lehen gazteak udaletxeko Pertsonal departamentuko bulegoetan. Poliki-poliki, eta taldeka, 85 lagun pasako dira bulego horretatik, ostiralera bitartean.

  Aldi baterako kontratazio laburrak dira Udalak garai honetan egiten dituenak, udako aisialdi eskaintzei aurre egin ahal izateko. Hilabeteko kontratuak izaten dira eta orduka, edo jardun erdirako, egiten direnak. Bihar, esaterako, 12 kirol begirale hasiko dira lanean, formazioa egin eta uda kanpainari dagozkion ikastaroak prestatzen. Adin ezberdinetara egokitutako 18 kirol jarduera dira uda kanpainan eskaini direnak eta guztira, 1.180 eskaera onartu dira; neska-mutiko batzuk, jarduera batean baino gehiagotan parte hartuko dute. Haurren patinajea, tenis, mini-tenis eta eskalada izango dira ekintza jendetsuenak. Ikastaro hauek antolatu eta emateko Udalak kontratatu dituen 12 begiraleak, uztailaren 22ra arte arituko dira lanean. Kasu bakoitzean emango dituzten ikastaroen araberako ordu kopurua kontuan hartuta egin zaie kontratua.

  Baina kontratazio kopuru handiena udaleku irekietan arituko diren begiraleei dagokie, 67 lagun kontratatuko baitira, dagoeneko lanean ari diren koordinatzaileekin batera. Hilabeterako, ekainaren 27tik uztailaren 27ra arte, eta jardun erdiko kontratua egingo zaie. Udalekuak berez uztailaren 22an amaituko dira baina aurrez egin diren formazio saioak ere ordainduko dizkie Udalak. Arte udalekuetan jardungo duten 6 begiraleei ere antzerako kontratua egingo zaie.

  Udaleku irekietan eta arte udalekuetan 600dik haur eta gaztetxo arituko dira aurten. Gaztelekuko plaza gunea eta Eltziako gunea mantenduko dira udaleku irekietako taldeak elkartzeko, bai goizeko lehen orduan eta baita eguerdian, saioei amaiera emateko ere. Gazteleku ingurua haur hezkuntzakoen topagunea izango da eta Eltzia, lehen hezkuntzakoena. Eltziako instalazioak erabiliko dira baita ere, arte udalekuetarako.

  Herriko gazte askorentzat lehen kontratua izaten da Udalak aisialdi ekintza hauek aurrera eraman ahal izateko egin eta udan diru apur bat irabazteko bidea ematen diena.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!