660 neska-mutikok parte hartuko dute domekako Haurren egunean

2019/09/13
Card image cap
Iker Isasti arduratuko da dantzari gazteei ongi etorria emateaz

  Oñatz dantza taldearekin batera, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako 13 taldek bat egingo dute igandean 49. Haurren Egunean. Aipagarria da gainera, taldeetako bat, Beasaingo Aurtzaka lehenengoko aldiz etorriko dela. Kanpotik, 355 bat haur etorriko dira eta horiei Oñatzekoak batu behar zaizkio. Handia, koloretsua eta alaia izango da beste urte batez  Haurren eguna.

  Etorriko diren haur gehienak etxeetara edo elkarteetara joango dira bazkaltzera, herritarrek gonbidatuta. Taldeko haurren gurasoei eta, orokorrean, herritarrei eskerrak eman nahi dizkiete Oñatzekoek urtero erakusten duten eskuzabaltasun eta inplikazioagatik. Azken orduko doitzen arabera, eta domekan zenbat haur datozenaren arabera, ia guztiek familiekin bazkalduko dute eta banaka batzuk elkarteren batera eraman beharko dituzte. Taldeetako arduradun eta musikariak berriz, ospakizunarekin bat egiten duten herriko elkarteetan bazkalduko dute. Haurren banaketa urtero bezala, 13:30tan egiten hasiko dira plazan.

  Beste herri batzuetan Haurren egunak ahultzen edo desagertzen ari diren arren, Oñatikoak indartsu jarraitzen du. Dantzari gaztetxoek lan handia egiten dute urtean zehar dantza berriak ikasten eta halako irteerak sari izaten dira eurentzat. Gaztetxoenen taldeak lehenengo agerraldi publikoa egin ohi du Haurren egunean.

  Taldeei ongi etorria 10:15etan egingo zaie eta hamaiketakoa jan ondoren, eguerdi aurretxoan, 11:45tan, Alkate txikiaren agurra jasoko dute. Aurten, alkate lanak, Iker Isastik beteko ditu. Ondoren, taldeak, herriko plaza eta kaleetan barrena dantzan ikusi ahal izango ditugu. Arratsaldean berriz, 17:00etan Etxaluzetik plazara kalejiran etorriko dira haur guztiak eta jarraian jaialdiari, alardeari hasiera emango zaio plazan. Deskuidoan euria egingo balu, dantzariak Kiroldegian arituko dira.

  Eguna amaitzeko, buruhandi eta erraldoiak izango dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!