59 haur eta nerabek hasi dute ikasturtea Txipistin, jatorri anitzeko oñatiarren programan

2017/10/18
Card image cap
Etengabe handitzen ari den erabiltzaile kopuruak zerbitzua berrantolatu beharra eragin du

  Irailean zehar 59 haur eta nerabek eman zuten izena Txipistin, jatorri anitzeko oñatiarren programan parte hartu ahal izateko. Partaideen kopurua etengabe handitzen ari da; iaz baino 9 haur gehiagok eman dute izena eta orain bi urte baino 21 haur gehiagok. Horrek zerbitzua berrantolatu beharra eragin du.

  Erabiltzaileen adinaren arabera, lehen bertakotze programa moduan ezagutzen zena San Juan kaleko lokalean edo Gaztelekuan eskaintzen da. Haur eta gaztetxoen kopurua orekatze aldera, orain arte San Juan kaleko lokalera joaten ziren LH4 mailako neska-mutikoak Gaztelekuan biltzen den taldera batu dira. Horrela, LH1-LH3 adin tarteko 32 haur daude San Juan kalean eta LH4-DBH4 adin tarteko 27 haur eta nerabe berriz Gaztelekuan. Igor Tome hezitzailea arduratzen da gaztetxoenen taldeaz eta hauek, astean bi orduko zerbitzua jasotzen dute. Gaztelekuan Xabier Paskual hezitzaileak jarraitzen du eta bertara doazen haur eta nerabeek astean hiru orduko zerbitzua dute. Zerbitzuaren eta egin behar izan diren egokitzapenen berri gurasoei eman zitzaien iraila amaieran egin zuten bileran. Zerbitzuak, irailaren 26an hasi ziren.

  Urteak dira udalak kanpotik etorri diren haur eta gaztetxoei zuzenduta hizkuntza eta kultura barneratzeko zerbitzu hau eskaintzen diela. Euskara errefortzu eskolak ematen dira joko eta ekintza ludikoen bitartez. Tarteka etxeko lanetan ere laguntzen zaie. Oñati eta bertako gizartea, ohiturak azalduz, haur eta nerabeen integrazioan laguntzea da jatorri anitzeko oñatiarren programa deritzon honen helburua. Urteetan bertakotze programa moduan izendatzen zenari izena aldatu zitzaion eta Txipistin bihurtu zen udan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!