Oñatiko udala

28 talde, enpresa, ikastetxetako ordezkarik eramango dute Korrikaren lekukoa Oñatin

2019/04/04
Card image cap
Garestik gaur abiatu da eta Oñatira hilaren 13an eguerdian iritsiko da, Udanatik behera

  Urtetik urtera geroz eta gehiago dira Korrikara batzen diren oñatiarrak, ez bakarrik korrika eginez baizik eta lekukoa eramateko eskubidea ematen duen kilometroak erosiz ere bai. Aurten, 28 talde, erakunde, enpresa eta ikastetxetako lagunek eramango dute lekukoa. Jakina da Korrikak Oñatin egiten dituen kilometroak ez direla hainbeste, eta ondorioz, gehienek, partekatu egingo dituzte. 

  Klika lema herririk herri zabalduko duen 21.Korrika Garestik abiatu da arratsaldean. Oñatira berriz, datorren astean iritsiko da, zapatuan, Gasteizen amaitu bezperan. Txanda dendarien elkarteko kideak izango dira lekukoa legazpiarren eskutik hartuko dutenak. Ondoren, eskuz esku eramango da Elorregiko biribilgunean bergararrei eman bitartean. Txanda, EAJ, Joxely taldea, Bizipoz, Goiena, Antxintxiketan, Abixaran, EH Bildu, Enpresagintza fakultatea, Jose de Azpiazu musika eskola, Oñatz, Urgain, Txantxiku ikastolako langileak, Eltzia, Gaztetxea, Elkar Hezi, Txantxiku ikastolako ikasleak, Euskaraldia, Lagun leku, Chinchurreta, Lana, Fagor, Ulma, Euskal Artzain Txakurren Adiskideak, Makalena, Erakunde Sanitario Integrala, Udala eta Goma 2 taldea dira kilometro erosleak.

  Korrika, apirilaren 13an 11:28 inguruan sartuko da Oñatin Udanatik. Aurretik, Irazan taldearen eskutik beroketak egingo dira Eltzia aurrealdean, eta Korrika ostean berriz, Oñatzek girotutako dantza-poteoa, bazkaria Gaztetxean eta Txinparta Bertsolari txapelketako finala izango dira.

  Aurretik, eta dagoeneko abian den Korrika kulturalaren baitan, hainbat oñatiar Iparraldera joango dira asteburuan, bertako gazteekin Korrika egitera, domeka eguerdian, ANTZERKLIK, hiru antzerki laburren emanaldiak izango dira Gaztetxean, liburutegian eta Santa Marinako Elkar Hezi ikastetxean. Apirilaren 11ko zine klub emanaldian Laburbirako film laburren emanaldia eskainiko da, doan, eta Korrika iritsi bezperan, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek Korrika txikia egingo dute. Gaztetxoenek ikastetxeetan eta lehen hezkuntzakoek, Foruen enparantza-Kale Barria-Santa Marina-Bakardadeko Ama kalea zirkuituari bueltaka ibiliko dira. Apirilaren 12ko ospakizunak borobilduz, eta Gaztelekuaren 25. urteurreneko programazioaren baitan, Huntza eta McOnak taldeen kontzertuak izango dira plazan, 20:00tan hasita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!