Oñatiko udala

2024ko larreratze kanpaina abiatu du Udalak

2023/11/20
Card image cap
Larreratuko diren animalien identifikazio, osasun neurri eta tasak zehaztuz ganaduzaleei gutuna bidali zaie gaur

  Udaberrian gauzatuko den larreratze kanpaina berriari begira udalaren oharrak hainbat gai argitzen ditu: larreratze tasak eta ganadu jabeek eman beharreko datuak, hazteria eta tricomonas bovina deritzon gaitzei aurre egiteko neurriak, auzolana eta ingurumen laguntzak. Gutunarekin batera bete beharreko inprimakia ere bidali zaie, aurtengo kanpainan parte hartu duten 96 ganaduzaleei.

  Inprimakian agertzen diren datuak egiaztatu eta okerrak zuzentzeaz gain, falta diren datuak betetzea eskatzen da. Behi eta zaldiak identifikatzeko lepoko berririk behar izanez gero, galdutakoaren zenbakia inprimakian jartzea ere eskatzen da. Datorren urtean ganadua larreratzeko eskaerak abenduaren 20a baino lehen aurkeztu behar dira, aurrez aurre udaletxeko HAZ bulegoan edo telematikoki, www.onati.eus atariaren bitartez. Larreratze kanpainaren oharra Aloña, Araotz eta Artiako herri onurako mendietara ganadua eraman asmo dutenei zuzenduta dago eta Artia-Txirikilaleku-Aitzgain inguruan larreratzen dituztenei datuak helburu estatistikoz jasotzen direla gogorarazten zaie.

  Artalde eta zezenen osasunarekin erlazionatuta ez da larreratze baimenik emango baldin eta albaitarien ziurtagiririk aurkezten ez bada; artaldeari hazteria edo sarnaren kontrako tratamendua egin zaionaren egiaztagiria presentatu beharko da. Agiria albaitari batek sinatu behar du eta artaldea mendira bota baino aurreko hilabeteko epean egindakoa izan beharko da. Antzinatasun handiagoko ziurtagiririk ez da onartuko. Zezenen kasuan tricomonas bovina gaitzetik libre daudela adierazten duen agiria aurkeztu beharko da larreratu aurretik.

  Nekazaritza ingurumenaren dirulaguntzekiko azaldutako kexen haritik, baimendutako ganadua mendian dela ziurtatzeko ikuskaritzak egon eta iruzurrak zigortu daitezkeela ohartarazten da ganadu jabeei bidali zaien idatzian. Era berean, larreak egoera onean mantentzeko deitzen diren auzolanean parte hartzen dutenei aplikatzen zaien larreratze tasaren hobaria mugatu dela jakinarazten da; hobaria tasaren %100eko izango da, 150 euroko mugarekin.

  Gaur bertan bidali dira gutunak. 2024 larreratze kanpainarako eskaerak egiteko azken eguna abenduaren 20a izango da eta epea beteta ez da eskaerarik tramitatuko, ondorioz, ez da larreratze baimenik jasoko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!