“Bertakoak” guneetan aparkatzeko txartel berriak eskatu edo ezeztatzeko epea zabalik dago

2022/10/10
Card image cap
Eskaerak HAZ bulegoan egin behar dira, azaroaren 12era arte

  Araututako aparkalekuen udal ordenantza beteaz, hilabeteko epea dago Bertakoak txartelei uko egin edota berriak eskatzeko. Epea gaur zabaldu da, azaroaren 12ra arte. Baja eta altak udaletxean, HAZ bulegoan, jakinarazi behar dira dagokien eskaera orria beteta. Txartel berria eskatu nahi dutenek autoaren zirkulazio baimenaren kopia aurkeztu behar dute. Horrela, egoiliarrei gordetako guneetan aparkatzeko txartela eskuratzeko baldintzak betetzen direla egiaztatuko dute udal arduradunek. Era berean, lehendik txartela duten baina azken urtean autoz aldatu edo beste helbide batean erroldatu direnei ere, aldaketa horien berri udal bulegoetan ematea eskatzen zaie. Kontrakorik adierazi ezean, aurten Bertakoak txartela duten herritarrei automatikoki berrituko zaie.

  159 dira egun bertakoentzat gordetako aparkalekuetan autoa uzteko txartela duten herritarrak. Gehienek Bidebarrieta kale inguruan dauden 6. gunean aparkatzeko txartela dute, 100ek, hain zuzen ere. Gainontzeko 59ek Aita Mortara kaleko aparkalekuek osatzen duten 5. gunea erabiltzeko baimena dute.

  Aita Mortara eta Aita Madina kaleetako 5. gunean autoa aparkatzeko Bertakoak txartela eskatu dezakete ondorengo kaleetan bizi direnek: kale Zaharra, San Anton, Aita Madina, Aita Mortara, Foruen enparantza, Portu kalea, Unibertsitate etorbidea, Maiatzaren 1a plaza, Bakardadeko Ama eta Zumeltzegi kalea. Bidebarrietako 6. gunean berriz, Bidebarrieta, Zubibarri, Motxon, Atzeko kalea, kale Barria, Errementari plaza, Ramon Irizar eta Aozaraza kalekoek.

  Egun TAO txartela dutenen zerrenda udal iragarki taulan eta web orrian argitaratu da. Eta alta eta baja emateko epea amaituta, eta beharrezko egiaztapenak eginda, behin betiko zerrenda argitaratuko da. Horren ondoren, ez da aldaketa berririk onartuko datorren udazkenera arte. 2023ko Bertakoak txartelak abenduan banatuko dira, posta arruntez bidaliko zaie eskatzaileei, eta dagokien udal tasa datorren otsailean kobratuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!