Oñatiko udala

“A todo tren. Destino Asturias” komediak irekiko du ostiralean zine denboraldi berria

2021/09/13
Card image cap
Ohiko emanaldien ordutegia berreskuratuko da baina aretoaren edukiera % 60koa izango da oraindik

  Udako oporraldien ostean aste honetan hasiko dira zine emanaldiak Kultur etxean. Oraingoz, emanaldi komertzialak hasiko dira, bai haurrei nahiz helduei zuzendutakoak, eta urri erdialdean, zine klub emanaldiak.
Ohiko ordutegia berreskuratuko da, pasa den udaberrian egin behar izan zen egokitzea bertan behera utzita, eta ostiraletik astelehenera zazpi emanaldi programatuko dira berriro: haurrei zuzendutako emanaldiak larunbat eta igandetan 17:00tan hasiko dira eta gainontzekoak, ostiral eta larunbatean, 22:00tan, igandean 19:30 eta 22:00tan eta ikuslearen egunak diren astelehenetan, 19:30tan. Aforoak mugatuta jarraituko du eta aretoaren edukiera % 60ko izango da, hau da, 77 eserleku, osasun arduradunek besterik baimentzen ez duten bitartean.

  Zine denboraldia hasten da, oporren aurreko preziotan. Haurren emanaldietarako txartelak 4 eurotan salduko dira eta gainontzekoak 5 eurotan, astelehenetan izan ezik, ikuslearen eguna izaki txartelak euro bat merkeagoa izaten jarraituko du. Gogoratu prezio horiei 50 zentimo gehitu behar zaizkiela aurrez eskuratuz gero, tramite kostuengatik. Eta familia ugariek berriz, 50 zentimoko hobaria dutela, egiaztagiria aurkeztuta.

  Denboraldi berriko lehen filma espainiar produkzio bat izango da: A todo tren. Destino Asturias komedia, hain zuzen. Haurrei zuzenduta berriz, Maya erlea 2, urrezko esfera, euskaraz. Eta euskaraz izango dira irailerako programatu diren beste bi filmak ere, helduei zuzenduta Nora euskal produkzioa pantailaratuko baita, eta haurren emanalditan, Space Jam aro berriak.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!