Oñatiko udala

2004an jaiotako neska-mutilak hasi dira santa-eskean irteteko entseguak egiten

2022/01/29
Card image cap
kintto talde bat San Martin egoitzan, 2019an
Iaz ez zen kintto batzerik egin, pandemia zela eta

  90en bat gaztek osatzen dute 2004an jaiotakoen kinttada eta hasi dira Santa Ageda egunaren inguruan kale eta auzoetan kantatzen diren koplak ikasi eta entseguak egiten. Osasun egoerak hala eraginda, urtebete zaharragoak ez ziren santa-eskean irten iaz, baina aurten bai, ateratzeko asmoa badute eta hartarako prestatzen hasiak dira.

  Santa Ageda eguna bera izan ohi da kinttoen irteerak markatzen dituena, eta aurreko domekan eta ondorengo larunbatetan izan ohi dira santa-eskerako egunak. Aurten dena den, atzeratu eta ondorengo bi asteburuetarako finkatu dituzte, erabakia hartu eta entseguak egiten ohikoa baino beranduago hasi direlako. Baina gauzak ondo bidean, otsailaren 6an herrigunean eta 12an auzoetan entzungo dira kinttoen koplak.

  Kinttoak Santa Ageda egunaren bueltan santa-eskean irtetea hamarkadetan errepikatu den ohitura da gurean. Lehen, soldaduskara joan behar ziren mutilak bakarrik irteten ziren baina aspaldian, urte berean jaiotako neska eta mutilak irteten dira. Urtean 18 urte beteko dituzten neska eta mutilen ospakizuna da. Aurrez, kintto horiek, irailaren 28ko danborradan dantzari irten ohi dira. 2004an jaiotakoek ez zuten iaz dantzan irteteko aukerarik izan, danborradarik ez baitzen egin, baina santa-eskean irteteari ez diote uko egin nahi izan. Urtebete zaharragoek, hau da, 2003an jaiotakoek, ezin izan zuten ez danborradan dantzan ezta kopla kantari irten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!