134 lagunek eman dute izena eskulan ikastaroetan

Kultur etxeko harreran eta udal web atarian argitaratu dira ikastaroetan plaza lortu dutenen eta itxaron zerrendan geratu direnen izenak.
Aurtengo berrikuntza 14-18 urte artekoei zuzendutako pintura ikastaroa izan da eta izena eman duten adin tarte horretako lagun guztiek lekua izango dute ikastaroan. Ez ordea gazteago diren sei lagunek, zozketa egin behar izan da eta 6-8 eta 9-13 urte arteko taldeak beteta hiruna lagun itxaron zerrendan geratu direlako. Patchwork eta orratz lanetan ere 48 lagunek eman dute izena eta ostegunetan talde berriak sortuta ere, 5 itxaron zerrendan geratu dira. Helduei zuzendutako pintura ikastaroan eta eskulan dekoratibo ikastaroan ez da arazorik izan eta izena eman duten guztiek plaza eskuratu dute.
Izena ematerakoan kontu korrontea jakinarazi behar izan zuten partaide guztiek eta datozen egunetan egingo da ikastaroen matrikularen kargua. Izan ere, ikastaroak datorren astean, azaroko lehen astetan hasiko dira, bakoitzak aukeratutako egun eta orduetan. Ikastaroak Bidebarrieta kaleko 22an Udalak dituen eskulanetarako lokaletan emango dira.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!