Zine klub denboraldia jaixen ondoren, urriaren 11an hasiko da.

2012/09/24
“Moonrise Kingdom” filme estatubatuarrak ekingo dio 2012-2013 denboraldiari.

  Wes Andersonek zuzendu eta Bruce Willis-ek besteak beste antzeztutako filma da zine klub taldeak osatu duen zerrenda luzea irekitzen duena. “Moonrise Kingdom” lana, jaixen ondorengo lehen eguenean, urriaren 11an pantailaratuko da, kultur etxean eta arratsaldeko 8etan hasita.

  Zine kluba hastera doala eta urria eta azaroko eguenetan ikusi ahal izango diren filmen zerrenda zehaztuta dago. Azken orduko aldaketaren bat egon litekeen arren, UN LUGAR DONDE QUEDARSE, LAS CHICAS DE LA 6ª PLANTA, YELLOW SEA, MARTHA MARCY MAY MARLENE, KISEKI (MILAGRO) eta HYSTERIA dira hurrenez hurren, azaroaren 29ra bitartean zine klub taldearen eskutik Oñatin ikus ahal izango ditugun filmak. Hortik aurrera, eta apirilera arte, ostegunero, karteldegi komentzialetatik kanpo geratzen diren titulu interesgarriak ikusteko aukera izango dugu. Ostegunero, baldin eta jai eguna ez bada. Eta halako lehena, justu azaroaren 1a, Santu Guztien Eguna izango da. Ostegun horretan ez da emanaldirik izango.

  Azken urteetan bezala, aurten ere zine klub taldeko kideek garaiz gertatu dute zine arduradunari denboraldi honetarako ekarri nahi zituzten filmen zerrenda eta zehaztu bezala ikusi ahal izatea espero da. Zerrendan, ohikoa denez, zinemaldi ezberdinetan, saritu edo goraipatutako titulu ugari jaso dira. Kalitatez goi mailakoak izanagatik, zinema komertzialaren zirkuituan leku gutxi duten filma bereziak. Urria eta azarorako zehaztu diren tituluak, orain bi urte egin eta iaz edo aurten bertan estreinatutako filmak dira. Aukera dagoenean gainera, pelikulak jatorrizko bertsioan pantailaratzen dira.

  2012-2013 denboraldia, ohikoa denez, jaixen ondorengo lehen eguenean hasiko da. Urriaren 11tik aurrera, egueneroko zine klub zita hau udaberrira arte luzatuko da.

  Bi aste barru hasiko den denboraldia, Oñatiko zine klubak etenik gabe betetzen duen 24.a izango da.