Zine klub denboraldi berria hasiko da gaur

2015/10/08
“Requisitos para ser una persona normal” komedia espainiarra aukeratu da lehen emanaldirako

  Jaiak amaitzearekin batera hasiko da gaur zine klubeko 2015-2016 denboraldia. Leticia Dolerak idatzi, zuzendu eta antzezten duen Requisitos para ser una persona normal komediak ekingo dio denboraldi berriari. Aipagarria da, aurten bertan estreinatu den filme honek, argazki, muntaia eta gidoi nobel hoberenaren sariak irabazi zituela Malagako zinemaldian.

  Hurrengo asteetan berriz, azken orduko aldaketarik ez badago, Nightcrawler, Conducta, Mandarinas, Agua tranquilas eta La profesora de historia filmak ikusi ahal izango dira.  Hortik aurrera, eta apirilera arte, ostegunetako zine klub emanaldietan zirkuito komertzialetatik kanpo geratzen diren titulu interesgarriak eskainiko dira.  Dagoeneko iragarri diren filmetako batzuk izendapen esanguratsuak lortu dituzte: datorren astean pantailaratuko den Nightcrawler esaterako, gidoi original hoberenaren oskar sarietarako izendatu zen eta urrezko globoetarako ere aktore nagusi eta drama hoberena sarietan izendatuta egon zen. Gainera, American Film Institutek 2014ko 10 film hoberenen zerrendan sartu zuen. Urriaren 22ko Conducta film kubatarrak, La Habanako zinemaldian film eta aktore hoberenaren sariak lortu zituen, gainera, Goya sarietan, Latinoamerikako film hoberenen sarietarako sailkatu zen.
Mandarinas pelikula estoniarra ere, Oskarretarako eta, ingelesez ez den beste hizkuntza batetan egindakoen artean izendatuta egon zen. Aguas tranquilas, Cannesko iazko zinemaldian lehiatu zen eta La profesora de Historia, Frantziako Cesar sarietan ere izendatuta egon zen, aktore berrien atalean.

  Horixe baita zine klubeko arduradunen asmoa, goi mailako kalitatea duten filmak eskaintzea. Hauetako askok zinemaldietan sariak edo aipamenak jasotzen dituzte, eta zinema komertzialaren zirkuituan leku gutxi duten arren, filma esanguratsuak izaten dira.

  Gaur arratsaldean hasiko den zine klub denboraldi berri hau apirilera arte luzatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Gaurko filmaren afixa