Zine klub denboraldi berria datorren ostegunean hasiko da

2016/10/06
"Un doctor en la campiña" drama frantziarra aukeratu da lehen emanaldirako

  Urria erdialdean hasiko da, ohikoa denez, zine klubeko 2016-2017 denboraldia. Thomas Liltik idatzi eta zuzendu duen Un doctor en la campiña dramak ekingo dio denboraldi berriari urriaren 13an. Asteburu honetan zine komertzialari dagozkion emanaldietan pantailaratuko den El porvenir filmaren antzera, zine klubekoa ere frantziar produkzioa da. Era berean, aipagarria da, zine kluberako programatu diren lehenengo 5 pelikulen artean Frantziatik datorren beste titulu bat ere jaso dela: Les cowboys edo Espainian Mi hija, mi hermana izenburupean aurkeztu dena. Thomas Bidegain zuberotarrak zuzendutako lehen film luzea da eta azaroaren 10ean ikusi ahal izango dugu. Zine klubeko antolatzaileek eta zine aretoko kudeatzaileak adostu duten film-zerrendan beste titulu erakargarri batzuk ere agertzen dira: Corazón gigante islandiarra eta Todos queremos algo eta Anomalisa estatu batuarrak. Azken orduko aldaketarik ez badago, horiek dira hurrengo bost asteetan ikusi ahal izango ditugunak. Hortik aurrera, eta apirilera arte, ostegunetako zine klub emanaldietan karteldegi komentzialetatik kanpo geratzen diren titulu interesgarriak eskainiko dira. 

  Dagoeneko iragarri diren lehenengo film hauek 2015 eta 2016an ekoitzitakoak dira. Batzuek gainera sari esanguratsuak lortu dituzte: Corazón gigante islandiarrrak esaterako, TriBeCa zinemaldian, pelikula, aktore eta gidoi onenaren sariak jaso zituen eta Anomalisak berriz, Veneziako zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Nagusia.
Horixe baita zine klubeko arduradunen asmoa, goi mailako kalitatea duten filmak eskaintzea. Hauetako askok zinemaldietan sari eta aipamenak jasotzen dituzten arren, zinema komertzialaren zirkuituan leku gutxi izaten dute.

Iturria: Oñati Irratia