Zine emanaldiak urriaren 5eko astean hasiko dira zine klub saioarekin

2017/09/13
HIRUTEK enpresa gipuzkoarra arduratuko da urtebetez Oñatiko zinemaren kudeaketaz

  Azpeitiko Aranguren Ucin enpresa arduratu da azken 10 urteotan Oñatiko zinema aretoaren gestioaz. Erretiroagatik jarduna amaitutzat eman du eta udalak enpresa berri bat topatu behar izan du. Zinema areto ezberdinen ustiaketa eta kudeaketa daramaten hainbat enpresekin harremanetan jarri ondoren Hirutek izenekoak azaldu du Oñatikoa hartzeko interesa. Baldintzak zehaztu eta onartuta, zinearen kudeaketa Hirutek enpresari esleitzea erabaki zen azken Tokiko Gobernu Batzarrean. Kontratua urriaren 1ean sartuko da indarrean eta urtebeterako izango da.

  Enpresa berria Oñatiko zineko programazioaz arduratuko da, zine klubean, haurren emanaldietan eta helduen emanaldietan pantailaratuko diren pelikulak alokatuz. Kartelak eskuratu eta emanaldien publizitateaz arduratuko da. Makinen funtzionamendu onaren jarraipena eta behar duen mantenimendu zerbitzua egingo du eta dagozkion txostenak egin eta helaraziko dizkio udaleko kultura departamentuari. Zinema aretoko takilla eta atezain lanak ez ezik, Santa Ana antzokian programatzen diren ikuskizunetakoa ere egingo ditu eta horretarako beharrezkoak dituen langileak kontratatuko ditu Hirutek enpresak.

  Zinemaren kudeaketaz arduratuko den enpresa berria bada ere, orain arteko lan ildo eta irizpideak mantenduko dira: euskal produkzioak programatzeari lehentasuna emango zaio eta haurren emanaldietan ere, ahal den neurrian, euskarazko bikoizketak lehenetsiko dira; zine komertzial eta independentearen arteko oreka mantentzen ahaleginduko da eta zine klub programazio finkoari eutsiko zaio. Orain artean bezala, zine klub taldeak osatutako zerrendaren araberako emanaldiak programatzen saiatuko da enpresa berriak. Zentzu horretan, aipagarria da, kultur arduradunei denboraldi berrirako proposatu zitzaien pelikulen zerrenda Hirutek-eko arduradunei helarazi zaiela jada.

 Zine klub emanaldiak emango dio hasiera 2017-2018 zine denboraldiari gurean, urriaren 5ean. Ondorengo asteburuan berriz, ohikoa denez, zine komertzialari dagozkion emanaldiak izango dira bai haur eta baita helduentzat ere.  

Iturria: Oñati Irratia