Zerbitzuak eta Landa Garapen departamentuak kudeatzen dituen dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dago

2020/04/15
Ia 60.000 euro banatuko dira sei laguntza lerrotan

  Sei dirulaguntza lerroak hauek dira: nekazaritza ustialekuak modernizatzeko, bertako produktuak merkaturatzeko, nekazaritza erabilerako ura ordaintzeko, putzu septikoak garbitu eta instalatzeko, landa-auzoetako ermiten argindar kostua ordaintzeko eta baso-bide pribatu nagusiak eraiki eta hobetzeko.

  Nekazaritza ustialekuak modernizatzeko laguntza lerroaren helburua, nekazaritza-ustiategien jarraipena ziurtatzea da eta Euskadiko nekazaritzaren eta landa ingurune osoaren funtzio aniztasuna eta iraunkortasuna bermatu eta sustatzea. Diruz lagundu daitezkeen inbertsioen baitan berrikuntza teknologikora bideratutakoak eta belaunaldien arteko errelebora bideratutakoak jasotzen dira. Inbertsioak 40 urte baino gutxiagoko nekazari gazteek eginez gero gainera, laguntzak, %20ra arte handituko dira.  Laguntza lerro honetan sartuko dira ustialekuetako eraikin edo nabeak eraikitzea, nekazaritza makineria eta ekipoen erosketa eta baratzezaintza eta lorezaintza intentsiborako instalazioak. Arkitekto eta ingeniarien ordain-sariak eta bideragarritasun azterketa eta txostenak egiteko gastuak ere. Eta lehen aipatu bezala, berrikuntza teknologikora bideratutako edota belaunaldien errelebora bideratutako aholkularitza gastuak.

  Nekazaritza ustialekuak modernizatzeko laguntzetarako, 20.000 euroko diru partida du Udalak aurten. Dirulaguntza hauek eskatzeko, 18 eta 65 urte artekoa izan behar da eta nekazaritza adarreko erdi edo goi mailako lanbide heziketako titulazioa izan behar da gutxienez, edo nekazaritza jardueran 5 urte baino gehiagoko eskarmentua. Lehenengo aldiz instalatzen diren nekazari gazteek berriz, nekazaritzan gutxienez bi urteko eskarmentua edo nekazaritza arloko 150 ordu lektiboko heziketa iraunkorreko ikastaroetan parte hartu izana egiaztatzea eskatuko zaie.  Horrela, ustiategien etorkizuna bermatzeko oinarrizko baldintzak betetzen direla ziurtatu nahi du Udalak.

  Bertako produktuak merkaturatzeko dirulaguntzen atalean, azokara baserri produktuak saltzera doazenei ematen zaien dirulaguntzaz gain, kontsumo taldeei zuzendutako laguntzak ere sartzen dira. Arlo honetarako 18.500 euroko partida du Udalak.

  Hirugarren laguntza lerroa, nekazaritza erabilerako ura ordaintzeko da. Partidarik txikiena da, 600 eurokoa, hain zuzen.

  Laugarrena, putzu septikoak garbitu eta berriak egiteko gastuak arintzera zuzenduta dago eta udalak, putzu septikoa husteko eta instalazio berriaren kostuaren erdia diruz lagunduko du. 3.000 euroko partida berezitu da.

  Bosgarren laguntza lerroa, 2.000 eurokoa, auzoetako ermitetan egiten den argindarraren kostua ordaintzeko da. Ermitak Gotzaitegiaren ardurapean egonik ere, argindarra auzotarren  izenean dagoenean edo auzotarrek ordaintzen dutenean, Udalaren diru laguntza eskatu ahal izango du auzo alkateak.

  Azkenik, iaz lehen aldiz eman ziren baso-bide pribatu nagusiak eraiki eta hobetzeko dirulaguntzak daude. Baso sektorea garatu, modernizatu edo egokitzeko helburuarekin eraikitako baso bideen kargua arintzea da laguntzaren xedea. Pista berriak egitea ez da diruz lagunduko, ezta aurreko 5 urteetan dirulaguntzaren bat jaso duten bideen mantentze lanak ere.  Emango den dirulaguntza, baso azaleraren araberakoa izango da, gastuaren % 30 eta % 80 artean estaliz. Baina gehienera, 3.000 euro emango zaiolarik onuradun bakoitzari eta urteko. Guztira, baso-bide pribatu nagusiak eraiki eta hobetzeko 15.000 euroko partida berezitu du Udalak.

  Aipatutako sei dirulaguntzetatik lautan, eskaera abenduaren 31ra bitartean egin beharko da udal bulegoetan. Bertako produktuak azokara eramateagatik jasotzen diren dirulaguntzak dena den, hiru hilabetetik behin ordaintzen dira eta ekoizleek ere hiru hilabetetik behin egin behar dute eskaera. Nekazaritza erabilerako ura ordaintzeko dirulaguntzak berriz, datorren urtean,  2021eko urtarrilean zehar eskatu beharko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Azokan saltzen duten baserritarrek udal dirulaguntza eskatu dezakete