Zabalik dago garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako udal dirulaguntzak eskatzeko epea

2020/02/14
Zalantzak argitu eta eskaeren inguruan argibideak emateko bilerak antolatu dira datorren ostegunerako

  Garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako dirulaguntzek hiru laguntza lerro biltzen dituzte. Bakoitzak, diru partida jakin bat eta eskaerak egiteko epe berezi bat du. Garapen bidean dauden herrialdeetan lankidetza proiektuak garatzeko laguntzetara 110.000 euro bideratuko ditu aurten udalak. Lankidetza proiektuetarako dirulaguntza hauek eskatzeko epea martxoaren 16an amaituko da.

  Nazioarteko lankidetzarako dirulaguntzak emateko prozedura 2016an berritu zen, hiru aldaketa nagusi egin zirelarik: eskatzailearen egoitza nagusia edo legalki osatutako ordezkaritza Oñatin egon behar da; eskatzailea irabazi asmorik gabeko izaera juridikodun erakundea izan behar da eta eskaerak, hartarako gertatu diren inprimaki ofizialak erabiliz aurkeztu beharko dira. Hiru aldaketa hauen helburua udalak ematen dituen dirulaguntzen jarraipen zuzenagoa egitea da. Eskaera egiten duten erakundeek gainera, lankidetza alorrean eskarmentua badutela egiaztatu behar dute, azken hiru urteetan egindako jardueren memoria aurkeztuta. Tokian tokiko bestaldeko erakunde edo kidea izatea ere eskatzen da, hau da, proiektua gauzatzen den herrialdean koparte erakunde bat izatea. Eskaerak, udalak hartarako prestatu dituen inprimaki ofizialak beteaz aurkeztu behar dira martxoaren 16a bitartean.

  Garapenerako sentsibilizazio edota hezkuntza jarduerak herrian egiteko dirulaguntzak ere eskatu daitezke jada, baina epea, kasu honetan, luzeagoa da, abuztuaren 31ra arte. Garapen bidean diren herrialdeekiko eta hango herritarrekiko elkartasuna eta kontzientzia Oñatin sustatzea da dirulaguntza lerro honen helburua. Dirulaguntza hauetarako 3.000 euroko partida gorde da.

  Azkenik, larrialdiko edota laguntza humanitarioko egitasmoak finantzatzeko dirulaguntzetara 12.000 euro bideratuko dira. Ez usteko larrialdiak noiznahi gertatu daitezkeenez, eskaerak egiteko epea zabalik izango da azaroren 30a arte. Larrialdirako laguntzez ari garelarik zera ulertu behar dugu, hondamendi batek eragindako pertsonen biziraupena bermatu edota hauen sufrimendua arintzeko premiazko eta berehala burutu beharreko egitasmoetara bideratutako laguntzak. Dirulaguntza hauetan sartuko dira premiazko erreskate jarduerak, edateko ura, elikagaiak eta laguntza sanitarioa ematea, besteak beste. Ekintza humanitariotzat hartuko dira bestalde, gerra edo gatazka testuinguruan edota hondamendien ondoriozko egoerak arindu nahi dituzten egitasmoak, eta biktimen babesa eta beraien oinarrizko eskubideen defentsan gauzatzen diren egitasmoak. Hau da, errefuxiatuei eta desplazatuei luzaroko laguntza ematea, hur-hurreko krisialdiak arintzea eta hondamendi osteko hasierako birgaitze proiektuak.

  Dirulaguntza hauen inguruko zalantzak argitu eta eskaerak egiteko orduan kontuan hartu behar direnen inguruko argibideak emateko bilera irekiak antolatu ditu udaleko Partaidetza departamentuak datorren ostegunerako, hilaren 20rako. Bi bilera edo saio egingo dira, 12:00tan lehena eta 17:30tan bigarrena. Interesa dutenei, aurrez izena ematea eskatzen zaie udaleko Partaidetza departamentuarekin harremanetan jarrita, mezua partaidetza@onati.eus helbidera bidaliz edo udaletxera telefonoz deituta, 943 780 411 zenbakira.

Iturria: Oñati Irratia

Sentzilibilizazio jardueretarako dirulaguntzak emango ditu udalak