XII. erakusleiho lehiaketan parte hartzeko gonbidapen gutunak bidali dira

2019/11/18
1500 € banatuko dira saritan eta 200 € zozkatuko dira Herritarren sarirako bozkatzen dutenen artean

  Osteguneko Tokiko Gobernu Batzarrean onartu ziren XII. Erakusleiho lehiaketari dagozkion oinarriak eta ostiralean bidali zitzaizkien gonbidapen gutunak merkatariei,  parte hartzeko baldintzak jakinarazten zaizkie.

  Parte hartu nahi duten dendariek azaroaren 29ra arteko epea dute izena emateko. Gutunez bidali zaien orria bete eta udaletxean edo Sozioekonomia departamentuko bulegoetan, Bidebarrieta kaleko 12an,  utzi dezakete edo gutunean dagoen QR kodea eskaneatu eta bete daiteke izen-ematea. Behin izena emanda, erakusleihoak, abenduaren 6rako apainduta, muntatuta egon beharko dira, eta halaxe mantendu, gutxienez, abenduaren 31ra arte. Erakusleihoetan, noski, denda edo zerbitzuaren ohiko produktuak jarri beharko dira.

  Erakusleihoen balorazioa egiterakoan, konposizioa, argiztapena, koloreak eta originaltasuna bereziki kontutan hartuko ditu epai-mahaiak. Aditu talde horrek hiru sari banatuko ditu, 500, 300 eta 200 €koak, hurrenez hurren. Herritarren saria ere izango da eta oñatiarren boto gehien biltzen dituen dendak 500 € eskuratuko ditu. Botoa emanez parte hartzen duten herritarren artean, berriz, 200 euroko saria zozkatuko da.

  Sari banaketa ekitaldia abenduaren 21ean, eguerdiko 13:30ean egingo da udaletxeko pleno aretoan. Baina puntu horretara iritsi aurretik, dendariek erakusleihoak apaindu behar dituzte, eta aurrez, parte hartzeko izena eman. Gogoratu, izen-emate hori azaroaren 29an amaituko dela.

Iturria: Oñati Irratia

Iazko sarituak